Errenteria - Errenteriako Udalak argiteria publikoa hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko LED argiak jarri ditu. Lan hori egiteko, Udalak 154.000 euro inguruko dirulaguntza jaso du IDAE-FEDER funtsetatik, inbertsio osoaren %50 hain zuzen.

Zehazki 607 luminaria ordezkatuko dira LED argiak jarriz; 69 koadroetatik hiru koadrotako luminarietan jardungo da. Oraingoan, beraz, Beraun auzoan, Kaputxinoetako behe aldean eta Gaztelutxo inguruan egingo dira aldaketak.

Jarduketa horrekin potentzia murriztuko da, 98.93kw-etik 30.35kw-era. Behin jarduera bukatuta dagoenean, %69,2 aurreztea aurreikusten da energia-kontsumoan (185.274kWh/urtero) eta, ondorioz, Udalak 24.085 euro aurreztuko dituela urtero fakturan aurreikusten du.

Neurri horiekin, gainera, urtero atmosferara 96.5 tona CO2 baino gehiago igortzea saihestuko da.

Udaletik adierazi dutenez, jarduketa hauekin aurrerapauso handia egin da Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) gauzatzeko bidean eta Errenteriako argiteriaren %60 baino gehiago LED teknologiakoa izatea lortu da.

Iaz ere, Udalak 1.077 luminaria aldatu zituen. - A.M.