- Leire Artola buru duen udaletxeak, beasaindarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea du helburu. Oriamendi kaleko eta Erauskin plazako obrak horren eredu dira. Lan hauen bitartez, etorkizuneko Beasain eraikitzen jarraitu nahi da, oinezkoentzako erosoa eta segurua izango den udalerria. Udal espazioen moldaketa eta hobekuntza udal gobernuaren legegintzaldiko kudeaketa planean jasota dago.

Mariezcurrena enpresari esleitu zaizkio obrak, lizitazio prezioa 572.609,02 eurokoa da (BEZ barne) eta bost hilabeteko epean gauzatuko dira lanak.

Gauzak horrela, Beasaingo Udalak hasiera eman die Oriamendi kalea eta Erauskin plaza eraberritzeko lanei. Erauskin plaza eta Oriamendi hasiera izango dira lehen esku-hartzeen eremuak. Momentuz, hondakinen edukiontziak lekuz aldatu dituzte eta lehen lan eremuak hesiekin mugatu dituzte. Bestalde, gaur makinak lanean hasiko dira.

Besteak beste, ibilgailuen erraila konponduko da Oriamendi 3-30ean. "Zoladura altxatu eta azpian dagoen oinarria sendotuko da ondoren zabalera osoko asfaltamenari ekiteko", jakinarazi du udal gobernuak.

Trafiko ikuspegitik, hobekuntzak emango dira. Galtzadaren diseinua berrantolatuko da, aparkalekuen zabalera egokituz, eta ibilgailuen erraila zabalduz.

Oinezkoentzako guneek ere aldaketak izango dituzte. Esaterako, bidegurutzeen segurtasun maila hobetu eta hiri paisaia aberastuko da. Erauskin plazan berriz, bertan dauden saltokiei ikusgarritasun handiagoa emateko edukiontziak lekuz aldatuko dira. Halaber, Ur Kontsor-tzioaren laguntzarekin, gune honetako ur hornidura eta saneamendu hoditeriak eraberrituko dira, baita Oriamendi 40-47 tartekoak ere. Segidan, asfaltoa berritzeko aprobetxatuko da.