Olaberria ia 1000 biztanle ditu eta ekonomiaren ia %60a industrian dago. Biztanleen BPG indizea 274.922 eurokoa da, Gipuzkoako kopururik handiena. Gauzak horrela, pandemiaren danbatekoa jasan duela ukatu gabe, "egoerarekin bizitzen ikasi dugula" eta "industriak ondo heldu diola" adierazi du Jokin Garmendia alkateak.

Pandemia protagonistatzat izan duen legealdi hau nola bizi izan duzue Olaberrian?

Pandemiak bizitza geldiarazi zuen. Legealdiaren %80a pandemia kudeatzen eman dugu. Merkataritzari dagokionez, bertako ekoizleen jardunaren alde egin genuen hasiera-hasieratik, etxera eramateko zerbitzua aktibatuz. Ostalaritzari dagokionez, hainbat dirulaguntza bideratu ditugu sektoreari bultzada emateko, oso gaizki pasa dutelako. Laguntzaren zenbatekoa langile kopuruaren araberakoa da, 600 eta 2.000 euro bitartean.

Industria da Olaberriako aktibitate nagusia. Nola eragin dio krisiak?

Olaberrian eskualdeko industria asko koka-tzen dira. Industriak ez du apenas gelditu eta beraz ez du kalte handirik jasan.

Egunkari honek martxoan argitaratutako albiste baten arabera, Gipuzkoako BPG indizerik altuena duen udalerria da Olaberria. Zehazki, biztanleko BPGa 274.922 eurokoa da, Euskadikoa 35.201 eurokoa izanik. Zer esan nahi du horrek?

Horrek asko esan nahi du eta ez du ezer esan nahi. Enpresa asko daude Olaberrian, eta gainera biztanle gutxi gara, 1.000 baino gutxiago.

Pandemiaren ondoren argi izpirik ikusten hasi zarete?

Pandemiak gainerako udalerrien antzera eragin digu. Olaberriako bi biztanle zendu dira koronabirusaren ondorioz eta hainbat ospitaleratu ere izan ditugu. Halere, badirudi egoera egonkortzen hasi dela, eta gainera ikasi dugu horrekin bizitzen. Izan ere, azkeneko asteetan hainbat ekitaldi ospatzeko aukera izan dugu. Zehazki, bi ekitaldi egin ditugu memoria historikoaren inguruan: Jesus Bujanda fusilatuaren familiari eta gerra garaiko haurrei omenaldi bana, hain zuzen.

Udalerrian zein proiektu dituzue eskuartean, momentu honetan?

Pandemia etorri aurretik Iurre auzoan herri ostatua martxan jartzeko asmoa genuen eta horri heltzea erabaki dugu. Lanak bukatuta daude eta irailean irekitzeko asmoa dugu. Aspaldiko eskakizuna da hau eta beraz albiste ona da auzoarentzat. Bestalde, herrigunean bertan, eliza eta ostatuaren artean, ekitaldi publikoak eta kultura arlokoak jasoko dituen areto bat eraikitzeko proiektua dugu. Pandemiaren ondorioz egindako hausnarketaren ondorioa da, ekitaldi publikoak segurtasunez antolatzea ahalbidetuko diguna. Gainera, jasangarritasunaren aldetik oso proiektu interesgarria da, izan ere, Elizegi Berri baserria zegoen tokian eraikin berri bat eraikiko dugu passive house irizpideen arabera. Urtebete barru lanak bukatzea espero dugu. Bestalde, Iurre auzoaren urbanizazio lanekin aurrera jarraitzen dugu. Pandemiarengatik, eta beste hainbat gauzengatik, tartean, Iberdrolako transformadore bat tokiz aldatu behar izan dugulako, lanak atzeratu egin dira eta 2022 urtearen erdialderako amaitutzat ematea espero dugu.

Beasain-Lazkao-Olaberria autobus linea berria martxan jarri zenuten joan den urtearen amaieran.

Autobus linea berriarekin espero ez genuena pasa da, izan ere, uste baino erabiltzaile gehiago ditu. Asko dira Lazkaotik Olaberriara erosketak egitera datozenak, eta orain linea hori erabiltzen dute. Horrek ez du esan nahi lehen etortzen ez zirenik; baliteke, lehen beraien kabuz etortzea Olaberriara.