- Udalak ezinbestekoa ikusten du herritarren parte hartzea Idiazabal hobe batengatik lan egiterakoan, horregatik martxan jarri du Desioen Sagarrak ekimena.

Zepai Auzoan dagoen sagasti publikoan aisirako gune bat sortu nahi da, ordea, idiazabaldarren laguntzarekin. Bada, Udalak abian jarri du Desioen Sarragak ekimena; honetan herriko taberna eta dendetan saskiak egongo dira, kartulinazko sagarrez beteak. Parte hartzaileek kartulinetan haien proposamenak idatzi beharko dituzte, maiatzaren 31tik ekainaren 4ra bitartean.

Eskolan ere banatuko da informazioa, aisirako gune berri honek komunitate sarea indartu nahi baitu.

Irailetik aurrera proposamen guztiak aztertu eta landuko ditu Idiazabalgo Udalak. Prozesua luzea izango da, dedikazio ugari eskatzen duen ekintza baita, antolatzaileen esanetan.

Herritarrek ideia egingarriak eta bideragarriak proposatu beharko dituzte, aisialdi hezitzailea bultzatzen dutenak, aniztasuna eta parekidetasuna sustatuz. Gainera, ingurumen kulturala eta naturala zaintzearen aldeko ekarpenak izan beharko dira.

Ekimenaren zati ere izango dira ekainaren 4an gauzatuko diren ekintzak. Alde batetik, 16.30etatik 19.00etara, Desioen sagarrak zintzilikatzeko aukera izango da. Bestetik, parte hartzaileen artean bi sagar tarta zozkatuko dira, eta haurrek Xapobixi Aisi Elkarteak antolatutako jarduerez disfrutatu ahalko dute.