Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an izango dela aprobetxatuz, Beasaingo Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu herritarrengan irakurzaletasuna bultzatu eta Udal liburutegiaren erabilera sustatzeko helburuarekin.

"Segurtasun irizpideak kontuan hartuta pentsatutako kanpaina da aurtengoa", agertu dute. Hala, elkarren artean kontaktua saihesteko eta liburuetan oinarritutako proiektuak ezagutzera emateko, Kontaidazu liburua lelopean egingo dira ekintzak, apirilean hasi eta maiatzaren 7ra bitarte.

Lehenengoa joan den astean egin zen; apirileko azoka bereziaren baitan, bertan liburutegian xahututako hainbat liburu banatu ziren erosleen artean. Hurrengo hitzordua, berriz, apirilaren 16an izango da, eta bi ekitaldi hartuko ditu: lehenengoa 17.30ean hasiko da: irakurle taldeak ohiko saioa egingo du Igartza Monumentu Multzoan. Kasu honetan, baina, Beasaingo Idazlan lehiaketan saritutako lanak landuko dituzte.

Toki berean baina 19.00etan, Amaia Zinkunegiren bakarrizketa izango da helduentzako honako kontaketa honekin: Otxandreak korrika. Hain zuzen, Las mujeres que bailan con lobos liburua aitzakia hartuta onduko duen saioa da, eta nahi duenak liburutegian eskuragarri du alea.

Apirilaren 23an, eguerdiko 12.00-etan, Beasain idazlehiaketaren sari-emate ekitaldia egingo da Igartza Jauregian. Ohiko moduan, gaztetxoen sorkuntzak baloratuko dituzte bertan, eta gustukoenek saria jasoko dute. Gaztetxoen artean indar handia duen ekimena da hau.

Eta egitarauari amaiera emateko, maiatzaren 7an, 19.00etan, Usurbe antzokian Antigona eta ezetzaren beharra antzezlana taularatuko da Horman Poster konpainiaren eskutik, Sofoklesen liburuan oinarrituta. Azken 2.500 urtetan garai guztietan gehien moldatu den obra izan dela nabarmendu dute Udaletik. Gainera, sarrera honek prezio berezia izango du, sei eurokoa.