Ordizia | Udaberria transloratzeko unea iritsi da

02.04.2021 | 00:03
Ekaitz Goikoetxea, Adur Ezenarro eta Kattalin Miner, Udaberria Transloratzenen aurkezpenean.

ordizian haur eta gazte transexualen errealitatea gerturatzeko udaberria transloratzen zikloa sortu da

Udaberriko loreak hamaika dira, eta bakoitzak bere koloreak janzten ditu garai hauetan. Gizartea ere anitza da oso, eta bide horretan Ordiziako Udalak lehenengo aldiz Udaberria Transloratzen zikloa antolatu du; haur eta gazte transexualen errealitatea ezagutzera ematekoa asmoz.

"Ziklo honen bitartez, haur eta gazte transexualen errealitatera gerturatzen saiatuko gara", azaldu du Adur Ezenarro alkateak. Adin tarte guztietara iristen saiatu direla esan du, "helduon sentsibilizazioa garrantzitsua baita, baina, ezinbestekoa da haur eta gazteengan eragitea, errealitatea anitza dela eta aniztasun hori aberasgarria dela ikusaraztea".

programa zabala Ziklo berri honek eskaintza zabala jarriko duela nabarmendu dute. Hala nola, haurrei dagokienez, Lehen Hezkuntzako haurrentzat Neskak eta mutilak tailerra eskainiko da Aitzole Aranetaren eskutik, modu dinamiko batean haurrekin gaian sakontzeko eta txikienentzat, beraien neurrira diseinatutako ekintzak proposatzea garrantzitsua dela pentsatzen dutela azaldu dute Udaletik. Bide horretan, gaia ipuin kontaketa baten bitartez gerturatuko dela aurreratu dute: Transakziorako ipuinak izenburupean, Apika taldearen eskutik.

Gazteenekin gaia lantzeko, ikastetxeetan Transformatzen dokumentala ikusteko aukera izango dute. Ondoren, geletan landu eta dokumental horixe bera eskainiko da maiatzaren 5ean Herri Antzokian, modu irekian. Solasaldiaren ondoren, Bea Sever sexologoarekin, Ekaitz Goikoetxea dokumentalaren zuzendariarekin, eta Naizen elkarteko herriko familia baten parte-hartzearekin egingo da.

Horrez gain, Moio liburuaren aurkezpena burutuko da, apirilaren 21ean Kattalin Minerren eskutik, liburu horretan transexualitatearen gaia nerabezaro garaian lantzen da, Hernanin garai bat markatu zuen Aimar, Moioren kasua ardatz hartuta. "Ederra da gai hauei lekua ematea", nabarmendu zuen Minerrek aurkezpenean.

Tránsitos liburuaren solasaldi dinamikoa izango da Ekaitz Goikoetxea eta liburuaren egilea den Aingeru Mayorrekin, maiatzaren 12an. Liburu horretan hainbat familiaren testigantzak jasotzen dira, eta bi sor-tzaileek ibilbide berezi bat egingo dute.

Zikloaren amaieran, Maiatzaren 3-14 bitartean, Josu Marotoren Balio Erantzia erakusketa izango da ikusgai Barrena Aretoan. Eta maiatzaren 4an, bisita gidatua egingo da Maroto, koadroen egilearekin, eta Goikoetxearen hitzekin.

"Gure gizartearen isla diren errealitateak landuko ditugu, eta askotan arrotza eta ezezaguna egiten zaigun errealitate bati gerturatzeko aukera emango dugu, gure herrian dagoeneko izan baditugun errealitateak direlako", gehitu du Ezenarrok.

Zazpi ekintzek osatuko dute apirilaren 8tik maiatzaren 14ra bitarte garatuko den zikloa, hitzaldi, tailer, erakusketa eta solasaldiekin