- Bigarren urtez jarraian, San Prudentzioak eta Lazkaomendiko jaiak ez ospatzea erabaki du Lazkaoko Kultura Batzordeak. Goierriko herri nagusienetako festa hauek izan ziren lehenak bertan behera gelditzen iazko urtean. Apirilaren amaieran izaten dira Lazkaon egun handi hauek.

Adierazpen bateratua egin dute Udaleko ordezkariek, eta bertan Kepa Zubiarrain alkateak honakoa azaldu du: “Pena handiz, baina oraindik ez dugu bermerik ez ahalbiderik jaiak ohiko eran ospatzeko. Covid-19aren pandemia oraindik gurean da, azken asteotan kutsatze kopuru altuak ditugu gure herrian eta lurraldean, eta herritarren segurtasuna lehenetsi behar dugu. Prebentzio neurri nagusiena urruntze soziala da, eta horrek jai giroa ezin bultzatua dakar”.

Ez da zalantza handirik izan erabakia hartzerako orduan, eta bateratuta agertu dira guztiak. “Hilabeteak daramatza Lazkaoko Kultura Batzordeak jaiei buruz hizketan. Argi geneukan ezinezkoa izango zela jaiak ohiko formatuan ospatzea, eta pandemiaren bilakaerak esan digu oraindik ez dela unea. Ohiko egunak izango dira Lazkaon, eta herritarrei ohiko eran jokatzeko deia luzatzen diegu”, gehitu du. Udalak iragarri du ez duela “ekitaldi berezirik” antolatuko eta Areria Aretoko ohiko zine emankizunak eskainiko direla.

“Pandemiaren bilakaerak ez du berme nahikorik ematen San Pruden-tzioetan zein Lazkaomendiko jaietan ohituak gauden ekitaldiei, festetako pilaketei... berriz ekiteko. Arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, osasun jarraibideak errespetatuz eta, horrela, kaleko talde masiboak saihestuz”, adierazi dute Udaletxe kanpoko agerraldian. “Agian 2022ak emango du aukera inoiz baino indartsuago itzultzeko”, zehaztu du alkateak.