- Seguran lore eta landareek hartzen dute protagonismoa udaberria urbiltzen den heinean. Izan ere, horiei zuzendutako azoka egiten da urtero. Aurtengoan, baina, ez da halakorik izango.

Segurako udalerriaren erdigunean kokatzen den plazan jartzen dituzte hainbat eta hainbat postu, eta herritar zein inguruko herrietako pertsonak bertara gerturatzen dira loreak eta landareak erostera, ondoren etxean jarri ahal izateko. Kolorez betetako ekimen hau, ordea, aurtengoan ezingo da aurrera eraman, Udalak hala jakinarazi duenez. XX. edizioa izango zen, baina pandemiak hala eraginda eta inoiz baino gehiago zuhurtziaz jokatzeko bidean, martxoaren 21erako antolatuta zegoen azoka bertan behera geldituko da 2021 urte honetan.

Erosteko aukera ez ezik, bertako ekoizleekin iritzi eta jakinduria elkarbanatzeko gunea izaten da, eta gainera, urtero adituak bertan izaten dira lore eta landareen inguruko azalpenak ematen. Besteak beste, bakoitza noiz landatu behar den gomendatu izan dute, eta baita ere adarrak mozteko lanak noiz egitea den gomendagarria.

Beste hainbat ekintzekin gertatzen ari den moduan, oraingo honetan ere ez da halakorik egingo, eta datorren urtera arte itxaron beharko da Seguran jendaurrean jartzen den eskaintza zabalaz gozatu ahal izateko, eta etxeko txokoak bertako produktuen kolorez jantzeko.