- Osinberden jaiotzen den ura hodi bidez ekartzen du Olakosain kokatutako Artxalgo udal ur-biltegira, biltegi-ama bezala ezaguna dena. Zaldibiako gainean dago kokatuta hau, eta bertatik Gaztelu mendira igo daiteke, adibidez. Gune honetan ura kloratu eta banatu egiten da udalerriko beste ur-biltegi eta etxeetara. Zaldibiako Udalak kanpaina berri bat abiatu du, herritarrei bertako ura kontsumitzera bultzatuz, eta ostalaritzan ur hori eskatzera bultzatzeko egitasmoa abian jarriz.

“Zaldibiak maitea du Aralarren jaio eta etxeko iturrira dakargun ura”, nabarmendu dute Udaletik; haren eskumena baita hornidura. Ur-sistema hobetzeko Udalak azterketa egina du, eta bertan jasotzen zen lehentasunetako bat zen iragazte-sistema hori jartzea: “Izan ere, kolpeko euri-jasak izatean, ur arrea sartzen zen hornidura-sisteman eta honi konponbidea emateko erronka hartu zen iaz”, gaineratu dute. Gaztelu iturgintzak eta Eulerrek garatu dute sistema hau, eta iazko abendutik martxan dago Zaldibiako herrian.

Zaldibiarrek sistema hau ezagu-tzeko aukera izan zuten joan den larunbatean, abian jarritako bisita baten bidez. Iragazki berria ikusi ahal izan zuten, eta azalpenak ere jaso zituzten funtzionamenduaren inguruan. Asko izan ziren kuriositatea asetzeko aukera izan zutenak, eta bide batez bestelako plan bat egiteko aukera eduki zutenak.

“Herri gutxik dute gurea bezalako iturburu emaritsu eta naturala, etxeko iturriraino ekarria”, nabarmendu dute Zaldibiako Udaletik. Balio edo altxor hori sustatzen jarraitzeko kanpainari hasiera eman dio Zaldibiako Udalak ostalarien laguntzarekin. Horregatik, herriko taberna eta jatetxeetan ere Zaldibiko ura kontsumitzeko deia egiten dute, ez bakarrik bertakoari balioa emateko, horri gehitu behar zaio plastiko eta energia xahuketa ekiditen dela hein handi batean.

Horregatik herriko ostalariek Zaldibiako Udalak emandako pitxerrak jaso dituzte eta dagoeneko egunean zehar egiten diren jatorduetan pitxarreko ura, Zaldibiko Ude, eskatzera animatzen dituzte herritarrak, botilako ura eskatu beharrean, bertakoaren alde eginez.