Herri hezitzaileak sustatzeko egitasmoa den Oinherri zazpi kontzeptutan oinarritzen da. Ez dira, ordea, modu bakartu edo isolatuan ulertu behar, elkarrekin garatu eta aberasten dira guztiak. Honakoak dira: Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetako parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunaren berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzonala indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarria jostea.

Aste honetan, Idiazabalgo Udala batu da dagoeneko sortutako sare horretara. “Gure programan bertan aurkeztu genuen lan ildo bat Idiazabal haurren herria bihurtu nahi genuela azaltzen zuena”, nabarmendu zuen aurkezpenean Eunate Elio Berdintasun teknikariak.

Oinherrik aukera “oso onak” ematen dituela gaineratu zuen teknikariak aurkezpen ekitaldian, “egitasmo horrekin bat egin eta Idiazabal herri hezitzailea bihurtzeko” aukera ematen duena.

Hemendik aurrera, beraz, sarearen parte dira idiazabaldarrak, baina horrek ere hainbat konpromezu hartzea dakarrela nabarmendu zuten. Elioren hitzetan, lehenengo pausoa diagnostikoa egitea da: “Jakin beharra daukagu zein gaietan sakondu behar dugun. Hala ere, eta proiektuak bere horretan egitea garrantzitsua bada ere, herriko ekimen guztietan balore horiek presente izatea da guretzat garrantzitsuena”.

Bestalde, Joxe Mari Agirretxek, Oinherriko sustatzaileetakoa denak ere azaldu zuen zein den egitasmoaren filosofia: “Haur eta gazteekin elkarlana bultzatu behar da. Ohartu ginen duela 10 urte dira haientzat baino haiekin egin behar genuela lan, pentsatu, hausnartu. Hori guztia elkarrekin egin behar dugula, izan ere, Oinherri mugimendu parte hartzailea da”.