- Udaltzaingoa asteburuetan ere lanean arituko dela erabaki du Ordiziako Udalak. Izatez, pandemia agertu baino lehen ere larunbat eta igandeetan aritzen ziren haien jarduna bete-tzen, baina hilabete hauetan bestelako zeregin batzuetan ibili dira buru belarri.

Hain zuzen, egun hauetan herri sarrera eta irteeretan egon dira kontrolak egiten, hala nola, Beasainekin Ordiziak egiten duen mugan. Bertan, jendearen joan etorriak zaintzen aritu dira, eta baimenik ez zuten pertsonei jakinarazten zitzaien orduan Beasain gune gorrian zela. Atzotik, gune laranjan dago, baina neurri berriak direla eta, ezin da udalerri batetik bestera igaro. Beraz, guztiei adieraziko zaie indarrean dauden neurriak zeintzuk diren eta betearazi egingo dira.

Hainbat asteburuz zerbitzurik eman ez badute ere, Udalak jakinarazi duenez, zerbitzua indartuta itzuli da “lantaldea egonkortu ondoren”, eta beraz, lantaldeak asteburuetan ere lan egingo du. Egun, izan diren aldaketak medio, Imanol Usandizaga da udaltzainburua.

“Zerbitzua indartzea erabaki garrantzitsua izan da, dudarik gabe”, zehaztu du Maitane Alvarez alkateordeak. Ordizian ekintza ugari antolatzen dira astebarruan, baina asteburuetan bereziki egitarau osatua izaten dute. “Herri bizia da Ordizia, eta zerbitzu hau asteburuetan ere eskaintzea beharrezkotzat jotzen dugu”, gaineratu du.

Asteburutan, goizeko 9.00etan hasiko dute lanaldia, eta hamabi orduz eskainiko dute zerbitzua, iluntzeko 21.00ak arte. Hala, tarte horretan antolatzen diren ekintza zein saiotan, edo bestelakoetan haien beharra balego, laguntzeko prest egongo dira.