Ekaitz Goikoetxea beasaindarra, bertso paperen jaun eta jabe

07.01.2021 | 00:45
Goikoetxea, Zapirain anaiak lehiaketako sariarekin. Argazkia: E.G.

Beasaindarrak errenteriako XXXII. zapirain anaiak lehiaketa irabazi du aurkezturiko 22 lanen artean

Ekaitz Goikoetxea beasaindarra bertso paper lehiaketetan jaun eta jabe da. Irakasleak orain arte sari-ibilbide luzea lortu du bertsoak idazten, eta azken saria abenduan etorri zaio. Urte borobila izan du, aurkeztutako lanek jendearen oniritzia eskuratuz.

Hain zuzen ere, abenduaren 18an banatu ziren Errenterian XXXII. Zapirain anaiak bertsopaper lehiaketako sariak. Aurtengo edizioan 22 lan aurkeztu dira eta beasaindarrak eskuratu zuen lehenengo saria, Ordu biak eta laurden bertso sortari esker. Bigarren saria, berriz, Zarauzko Aner Peritzentzat izan da.

Parte-hartze handia eta aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu dute epaimahaikideek. Goikoetxea bera ere oso gustura agertu da iazko urtea Euskal Herri mailan garran-tzitsuenetakoa den bertsopaper lehiaketa irabazita borobildu izanagatik: "Kariño berezia diodan lehiaketa da. Duela 26 urte irabazi nuen gaztetxoen kategorian Errenterian nire lehenengo saria". Gerora ere, bai gaztetxoen bai helduen mailan, irabazia da Goikoetxea lehiaketa hau. "Azken urteetan propio lanik idatzi gabea nintzen harako, eta aurten banuen gogoa ahalegin berezia egin eta lehiatzeko moduko sorta bat ontzekoa. Eta hara, nire gustukoa ez ezik apaimahaikideen gustuko ere izan dira jarritako bertsoak", agertu du beasaindarrak.

maitemina Azken aldian jorragai izan dituen gai sozialetatik urrundu eta hitzordura agertzen ez zaion gazte maitemindu baten urduritasuna, kezka, barne-ahotsak, hausnarketak papereratu ditu Goikoetxeak lehen saria eskuratu duen lanarekin. "Ikaragarri disfrutatu dut bertso-sorta hau idazten. Lerro bakoitietan unean-uneko ordua paratu dut, aldiro aurrera egiten duena, eta denboraren igaroa eta zain dagoenaren desesperazioa azaleratzen duena. Gainerako lerroetan, gogoetak, hausnarketak, barne-ahotsak biltzen saiatu naiz". Lehiaketa honetarako "zerbait diferentea eta freskoa" egin nahi zuela onartu du: "Jolastu eta ondo pasatu. Oso gustora nago oso gustora idatzitakoa jasotzen ari den iritziekin".

Bere hitzetan, "ikaragarrizko poza" eragin dio duela 20 bat urte bera baino dezente zaharragoak ziren Pello Esnal, Rufino Iraola, Nikolas Zendoia edota Imanol Lazkano bezalako bertso-jartzaile bikainekin partekatzen zituen sari-banaketa ekitaldiak gaur egun bera baino hogeitaka urte gazteagoak eta bertso sorta eder-ederrak para-tzen dituztenekin partekatzen dituela eta "han-hemengo lehiaketetan neuk para-tzen ditudanak oso estimatuak eta baloratuak izaten ari direla ikusteak".

Irakasleak udako oporrak har-tzen ditu sormenari bide emateko, eta urtean zehar pare bat bertso sorta sortzen ditu. Zaila bada ere urtero-urtero goreneko maila mantentzea, Goikoetxeak beste inork ez bezala josten ditu hitzak, bertsotan.