- Aurten, Lazkaoko Gabonetako lehiaketan, herritarren iritziz Garaiz arropa dendarena izan da erakusleiho ederrena, eta lehen saria jaso du. Segidan, Pedro Pereiro Farmazia eta Amets Bat saltokietako erakusleihoek jaso dituzte boto gehien. Diploma bat eta produktu ezberdinez osatutako saski bana jaso dute hiru dendetako ordezkariek, egindako sari banaketan. Parte-hartze zabala izateaz gain, herritar ugarik eman dute haien iritzia: 1.500 bozka baino gehiago jaso dira.

Urteroko legez, botoa eman dutenen artean bost erosketa bono zozkatu dira. 300 euroko erosketa bonoa Antxon Anduaga Galarragarentzat izan da eta Ana Mari Roman Ecayk, Izaro Lazcano Barandiaranek, Manoli Beldarrain Etxebestek eta Esosi Elorza Errastik 150 euroko erosketa bono bana jaso dute. Lehiaketan parte hartu duten dendetan erabili ahal izango dituzte erosketa bonoak, eta bihar arteko epea izango dute horretarako.

Antolatzaileen iritziz, "merkatariek irudimen handia erakutsi dute eta erakusleiho originalak eta asko landutakoak egin dituzte".

Lazkaoko Udalak agertu duenez, jabetuta daude sektore honen egoeraz, eta "herriaren garapen ekonomikoa bultzatu eta bertako kontsumoa sustatzeko helburuarekin" antolatu dute erakusleiho lehiaketa: "gabon berezi hauetan, arduraz jokatu eta gure burua zaintzea dagokigu. Eta ardura berarekin jokatuz, gure herriko merkataritza zaintzera animatzen ditugu herritarrak. Inoiz baino gehiago behar gaituzte, eta guk ere gure kaleetan behar ditugu", azaldu dute udal ordezkariek.