- Beasaingo lehen emakumezko alkatea da dagoeneko Leire Artola. Atzo 19.00etarako bi minutu faltan hasi zen Beasaingo Udaleko urteko azken Udalbatza. Aitor Aldasoro, orain arteko alkatearen kargu uztea burutu zen, eta Artola alkateordeak hartu zuen agindu makila.

Udalbatzak ohiko dinamika mantendu zuen, eta hasieran gai ordenean zeuden puntu guztiak aztertu, eztabaidatu eta bozkatu zituzten. Galde erreguen ostean izan zen alkatetzaren aldaketaren unea, eta Aldasorok zinegotzi karguari uko egitearekin amaitu zen saioa.

Publikoan zeuden senitartekoak eta aurpegi ezagunak. Joseba Egibar, EAJko eusko legebiltzarkidea eta Gipuzko Buru Batzarreko presidentea bertaratu zen, Artola eta biak familiartekoak dira eta.

Aldasororen kargu uztearekin hasi zen. "Eskerrak orain arteko alkate guztiei, erakutsi didatenagatik. Alderdiari, jarri duen konfidantzagatik; eta Beasaingo Udaleko langileei, bide honetan alboan izateagatik. Uste dut emozioetan bustitzen garela herrigintzara dedikatzen garenok, eta emozio horretan garbi edukitzea garrantzitsua da zertara gatozen hona: zerbitzu bat ematera". Ia 18 urteko udal politikagintzari amaiera Aldasorok, Udalbatzara gerturatu ziren guztien txaloak jasota.

Kargu uztearen ostean alkate berria aukeratzeko unea iritsi zen, bozketa bidez, 17 zinegotzientzat. Hamarrek Artolaren aldeko apustua egin zuten, eta hala berretsi zen. Alkate berriak karguari zin egin, eta Aldasorok orain bost urte hauetan eskuetan izan duen aginte makila hartu, eta eman egin zion.

Honek ere esker oneko hitzak izan zituen nagusi, ideia garbiarekin: "makila hartu-eman honek irudika-tzen du proiektu baten jarraipena. Hastapena 2011n izan zuen, eta erronkak baditugu betetzeko". Oposizioari ere eskuak zabaldu zizkion, eta herritarrengana ere zuzendu zen: "beasaindarrek behar dutenerako eta behar dutenean, hemen izango nauzue". Alderdiari, taldeari eta Aldasorori eskertu zien orain arte alboan izana.

"Ohorea" da Beasainen lehen emakumezko alkatea izatea; berdintasunaren hastapenak direla azaldu zuen. Azken hitzak, emozioz: "gogoan izan nahi dut nire aitta. Duela sei hilabete hil zen, eta guk txikitatik etxeko sukaldean politika berarekin eta berarengatik jardun izan dugu".