- Lazkaon Agauntza ibaiaren meandroan daude kokatuta herri baratzeak, eta orain, 35 bara-tze horien denbora bateko jabe izateko eskaerak egiteko aukera zabaldu dute. Hain zuzen, dokumentu horiek abenduaren 18ra bitartean aurkeztu daitezke Lazkaoko Udaletxean. Orain arte baratza hauek erabiltzeko aukera izan dutenei esleipena urtarrilaren 31an amaitzen zaie, eta horregatik berriz ere zabaldu dute lazkaotarrek egitasmo honetan parte hartzeko aukera.

Herritarren eskura jarriko diren baratze guztiek 50 metro koadroko espazioa hartzen dute, eta, beraz, nahikoa leku badago nork bere produktuak ekoizteko bertan. Gainera, Agauntzaren meandroan kokatuta daude eta baratze guztiek dute ur hornidura, eta bertan lan egiteko tresna handienak gordetzeko edukiontziak dituzte. Erabiltzaileek arropak, haziak edo tresna txikiak gordetzeko armairuak ere badaudela gogorarazi dute Udaletik.

Honako baldintzak bete behar ditu esleipendunak eta izena eman baino lehen kontuan hartu beharrekoak dira: Lazkaoko udalerrian erroldatua egotea ezinbestekoa da, eta baita nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko fisikoki gai izatea.Lazkaoko Udalarekiko zerga-betebehar eta gainerakoen ordainketetan egunean izan beharko dira, eta beste herri baratze publiko bateko erabiltzaile/eskatzaile den familia unitate bateko kide ezingo da izan.

Azken baldintza izaera landatarreko lursailen jabe, gozamena edo maizter ez izatea eskatzailearen familia-unitateko kiderik, baldin eta nekazaritza-jarduerarako egokiak badira, eta horrelako lurrik inon ez izatea da.

Eskaera orria lazkao.eus webgunean dago, eta Udaletxean ere eskuratu daiteke.