- Izatez martxoan egitekoa bazen ere, Ahoz Aho ahozkotasunaren jaialdia atzeratua izan zen pandemiak eraginda eta orain ekimenak aurrera egingo du segurtasun neurriak betez, eta edukierak kontrolatuz. Gaur bertan hasiko da Ordizian, eta datorren astean zehar izango dira narrazioarekin lotutako ekintzak. Gonbidapenak beharko dira guztiak ikusteko, eta horiek Barrenan lor daitezke, 943 805 630 telefonoan edo kultura@ordizia.eus helbidean.

Hala, gaur 17.00etan, Barrena Jauregian, Ane Gebara gasteiztarrak eta Tarana Karin, Tolosan bizi den azerbaijandarrak, euskaraz ipuinak eskainiko dituzte. Normalean jaialdi honen barruan kalean ere eskaintzen dira saioak, baina egoerara egokituz, Barrenan egingo da gaurko biharren ekintza. Hori magia saio berezia izango da, 19.00etan hasiko da. Bertan, euskaraz eta gaztelaniaz Diego Calavia errioxarrarekin eta David Blanco eta Imanol Ituiño euskaldunekin gozatu ahalko da magiak sortzen duen inguruneaz.

Astelehenean jarraituko du jaialdiak Barrenan, Odei Arregirekin eta arratsaldeko 18.00etatik aurrera euskarazko ipuin saioa eskainiko du. Horrez gain, Odei Arregi eta Aitor Vinagret narratzaileak Jakintza eta Urdaneta ikastetxeetara hurbilduko dira astean zehar.

Ostegunean, hilak 12, arratsaldeko 18.00etan Dorleta Cortazar narra-tzaile euskalduna eta Zoa Tamara Cuellar nikaraguarrak haien narrazioak taularatuko dituzte.

Ostiralean amaituko da jaialdia, 20.15ean, Barrenan. Narrazio lehiaketako finalistek (Ester Poveda, Ane Arrugaeta eta Joxe Aldasoro) euren istorioak kontatuko dituzte, publikoak eta epaimahaiak aurtengo edizioaren irabazlea nor izango den erabaki dezaten. Beste narratzaile batzuk ere izango dira, ipuinak, istorioak, kontakizunak eta gertaerak ahoz kontatuz.