Beste urtebetez, Zerain oierriko ekologiaren plaza bihurtuko da gaur . Azken 25 urteetan bezala, azoka ekologikoa egingo dute, baina aldaketa nabarmenak eragin ditu COVID-19ak, eta orain arte ekoizleek haien produktuak herriko plazan jarri badituzte ere, gaurkoan frontoira pasako da azoka.

Zeraingo azoka ekologikoa data nabarmenena izanda ere, gaiaren inguruan hamabost eguneko lanketa egiten dute. Pandemiaren ondorioz, baina, ekitaldi bakarra izango da azoka hau. Horren ildotik, Amaia Junquera, Zeraingo alkateak, dei egin die herritarrei eta normalean Zerainera inguratzen direnei: "Herrian azoka egun hau festa egun bat bezala bizitzen dugu, baina aurten ez da halakorik izango. Hala ere, eta beharrezko neurriak hartuta, garrantzi-tsua iruditzen zaigu ekoizleek haien produktuak saltzeko aukera izatea". Finean, horregatik erabaki dute azokarekin jarraitzea, plaza bat jartzea.

Goizeko 10.00etan zabalduko ditu ateak azoka berezi honek, eta eguerdiko 14.00ak arte gozatu ahalko da ekologiaz eta horren inguruan mugitzen den guztiaz. Guztira, 24 ekoizlek jarriko dituzte postuak.

Zerain Dezagun Fundazioaren eta Biolur, Gipuzkoako nekazari eta ekoizleek elkarteak, elkarren artean antolatzen dute udako feria hau. Maider Zubikarai, Biolur elkarteko teknikariaren ustetan, "indarra hartu du nekazaritzaren balioaren aldarrikapenak". Alarma egoera iritsi zenen bolo-bolo eta ezbaian jarri ziren azokak antolatzearen erabakiak. "Guretzat garrantzitsua da hau egitea", zehaztu du teknikariak.

Azoka honek badu beste balio erantsi bat. Produktu ekologikoak erosteko ez ezik, bertako ekoizleekin hitz egiteko aukera ematen du; zubi lana egiten du azokak.

Gipuzkoa osoko baserritar eta nekazarientzat erreferentziazko eguna izaten da, eta gaurkoan ere hala izatea espero dute. Jendea azokara gerturatzearen zain daude, eta lasaitasun mezua ere helarazi du alkateak: "beharrezko neurri guztiak hartu ditugu". Hala, frontoian jarriko diren mahaiak distantzia mantenduko dute, eta ibilbidea ere markatuko dute jendea modu ordenatu batean ibili dadin. Gainera, aforoa kontrolatu egingo da uneoro, eta hori beteko balitz itxaron egin beharko da jendea atera arte.