Lazkaoko ikasgela zabalik, aforoa mugatuz

Astelehenetik ostiralera arratsaldez eskainiko da zerbitzua, liburutegiaren ordutegi berdinean

11.09.2020 | 02:15

lazkao – Joan den martxoaren 14an itxi zuen Lazkaoko Udalak ikasgela, hain zuzen ere, itxialdia hasi zen garaitik. Orain, baina, neurri zorrotzak hartuz eta jarraibide berriak ezarriz, eremua zabaltzea erabaki dute.

Dudarik gabe, oso bestelakoa izango da zerbitzuaren itzulera: ordutegia murriztu egin da kudeaketa-kontrola errazteko asmoarekin eta aforoa %60koa izango da, erabiltzaileen arteko segurtasun distantziak bermatu ahal izateko.

Ordutegi berria honakoa izango da: astelehenetik ostiralera arratsaldeko 16.30etik 19.30era; liburutegiko berbera. Arduradun bat egongo da sarrera-irteeren kontrola eraman eta desinfekzio lanak egiteko. Bestalde, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantendu behar da; eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu eta musukoa erabili.