- Zuri eta gorriz beteko dute bihar ospatuko den ezohiko Igartzako Dantzari Egunean, Beasaingo Aurtzaka Dantza taldeko kideek, Igartza Monumentu ingurua. "Igartzako eremu zabalak eskaintzen duen aukera aprobetxatuz, Kofradiako dantzariok egin ohi ditugun dantzetako batzuk bakarrik eskainiko ditugu, ziurtasun neurri guztiak zorrotz betez", nabarmendu dute Aurtzakako kideek.

Horretarako, bi eremu desberdin zehaztuko dira: bata dantzarien-tzako izango da, eta gune kontrolatu bat prestatuko da ikusleentzat bakarrik.

Ikusleen eremura iristeko sarbide bakar bat ezarriko da Zapatari kalearen parean. Sarreran tenperatura kontrolak egingo dira eta ikusleek antolatzaileek adierazitako aulkian egon beharko dute ikuskizunak irauten duen denbora guztian zehar, musukoa jantzita.

Ikusleentzako eremua 11.45ean zabalduko dela jakinarazi dute, eta dantza-ikuskizuna 12.30ak aldera hasiko dela aurreikusten dute. Dudarik gabe egungo egoerak ere eragingo du egun honetan: "Ez da dantza-segiziorik izango, ezta bazkaririk ere", gaineratu dute.

Jende multzoak ez elkartzeko helburuz, entsegu bakarra egingo dute biharko ikuskizuna baino lehen, eta gaur arratsaldean izango da. Dantzari eta musikariek parte hartuko dute, eta Antzizar Kiroldegiko frontoian egingo da, 19.30ean hasita. Ez da luzea izango, izan ere, aurtengoan ez da dantza berririk izango eta, beraz, aurreko urteetako dantza batzuen zati zehatzak errepasatuko dituzte, larunbateko egun handia baino lehen.