- Garai batean ehunka lanpostu eta ospe handia izandako Zaldibiako Bilore fabrikaherriko sarreran kokatuta dagoen fabrika abandonatuak buruhausteak ekarri dizkie herritarrei eta Udalari. Orain, aro berri bat hasiko da: Zaldibiako Udalak oniritzia eman du fabrika eraisteko, eta Ur Agentziaren baimena eskuratu ostean hasiko dira guztia garbitu eta suntsitzen. Lanek urtebeteko iraupena izango dutela aurreikusten da hasiera batean behintzat.

“Udalak hainbat saiakera egin izan ditu urtez urte erakundeen bidez eta herritarrak aktibatuz konponbidea eskatzeko, erantzunik jaso gabe”. 2016ko udan, baina, abokatu baten bisita jaso zen Udalean Biloreko eremuaz galdezka, eta negoziaketa bat hasi zen interesduna nor zen jakin gabe, eremu horren ezaugarrien inguruan. 2018ko maiatzean enkantera atera zen Bilore egunkari honek aurreratu moduan, eta Mugertza Eskabazioak erosi zuela jakin zen.

Ordutik hona aldaketa gutxi izan dira bertan, nahiz eta pixkanaka eremua garbitzen joan diren eraispenerako prestatzeko. Iazko maiatzean eraikinaren jabe berriek Eraispen Proiektua aurkeztu zuten, baina Udal teknikarien txostena aintzat hartuta, dokumentazio gehigarria eskatu zitzaiela jakinarazi du Zaldibiako Udalak. Eraispen Proiektuaren Gehigarria izeneko dokumentua uztailaren 20an aurkeztu dute, orain arteko lanen eta Eusko Jaurlaritzako oniritzi txostenarekin batera Udalak egindako eskaerei eran-tzunez.

Oraindik ere zaila da jakitea zer gertatuko den Bilore dagoen gunean. Hala ere, 2019ko urtarriletik indarrean den Hiri-Antolamenduko Plan Orokorrean, eremu honi hainbat zehaztapen egin zizkion Udalak, bertan egin daitekeenaren eta egin ezin denaren inguruan.

“Lurzoruaren Deklarazioa edo azterketa egin beharko dute lehenik, hor agertuko baitira lurzoruaren kalitate eta ezaugarriak. Emaitzaren arabera, jabeek Plan Partziala diseinatu eta aurkeztu beharko dute, eremu horren antolamendu berria zehaztuz”, gehitu dute Udaletik. Hirugarren sektorerako zerbitzua eskaini beharko du, dela industria garbien erabilera, herritarrentzat zerbitzuak, edo bizitegi-erabilera. Gainera, sarbiderako biribilgune bat egitea aurreikusten da, eta ingurumen inpaktuaren txostenak egin beharko dira, hainbat erakunderen oniritzia lortuz.

Hirugarren sektorerako zerbitzua eskaini beharko da gune horretan; dela industria garbien erabilera edo herritarren zerbitzuak