- 2018ko uztailaren 17an, deual bi urte, estreinatu zuten Beasainen arku tiraketarako gune berria. Udalak, Beasain Kirol Fundazioaren bitartez, Igartza Arku Tiraketa elkarteak egin zuen eskaera bati erantzuna eman zion, eta bi urte hauetan elkarteko kideek horrenbeste gustatzen zaien kirolaz gozatzeko aukera izan dute. Ehun metroko eremu zabala jardun horretarako aurkitzea erraza izan ez bazen ere, Salbatore auzoan dagoen Iturralde txiki eremuko lur sail batean kokatu zen.

Naturaz inguratuta dagoen gunea da, eta naturak bere bidea jarraitu du hilabeteetan zehar. Sasiak zenbait lekutan nagusitu egin dira, eta horregatik arku tiraketa elkarteko kideek garbitze lanak egitea erabaki dute, boluntario lanaren bidez.

“Eztanda erreka bazterra zabortegi bihurtua zegoen bertatik erretiratu dituzten hondakin guztien ondorioz; besteak beste, 80 neumatiko baino gehiago, eraikuntzako obra-hondakinak eta zaborrak pilatuta zeuden bertan kontrolik gabe, denbora luzean jaurti ondoren”.

Erreka bazterra eta arku tiraketarako eremua inguratzen duen lur saileko sastraka guztiak kendu eta bertako arboladia libratu dituzte garbiketa lanei esker, eta ekintza horrek bertako inguru naturala berreskuratzea ekarri du. Dudarik gabe, zaindu beharreko gakoa.

Beasaingo Udalak, boluntario talde honen lana eskertu eta lagun-tzeko borondatea erakutsi du. “Txalotzekoa da musutruk egindako lan honekin erreka agerian uzteko eta herriari gerturatzeko egindako garbiketa lana”, zehaztu dute. Aitor Aldasoro alkatea ere bertaratu zen gunera, lanen nondik norakoen berri izatera.

Beasaingo Udalak hau bezalako ekimenak sustatu, lagundu eta babesteko asmoa ere adierazi du, eta nabarmendu du herritarrei aukera eman nahi diela elkarlanean arituz udalerriko natur eremuak berreskuratzeko beharrezkoak diren baliabideak hauen eskura jartzeko inten-tzioa dagoela, horretarako prest daudela.

Gauza jakina da ibai eta erreka er-tzeetan pilatzen dela, ez bada uretan bertan, zabor gehien. Halako garbiketak ez dira ezohikoak Beasainen, izan ere, arku tiraketako kideei gehitu behar zaie urtean zehar herriko gazteek egiten dituzten ekimenak Oria ibaia garbi mantentzeko. Kasu horretan ere, Udala alboan izaten dute eta datozen belaunaldiek argi erakusten dute natur eremuak zain-tzeko beharraren garrantzia.

Iturralde txiki eremua, behintzat, garbi gelditu da egindako lan guztiaren ostean, eta hemendik aurrera ere hala mantentzeko ahalegina beharrezkoa dela ikusten dute, guztien onurarako.