- Beasainen uztailaren 20a bitartean gauzatuko diren ekimenetan, Udalekuetako bigarren txandari dagozkienak, ia ehun haurrek hartuko dute parte. Elkarlana izan da egitasmo honen oinarri, non herriko ikastetxeetako guraso elkarteekin eta Txilibutxof aisialdiko taldearekin elkarlanean antolatu dituen udalekuak.

Lehen udalekuetan parte hartu duten hainbat haur daude oraingo txandan ere, beraz, Udalak irakurketa positiboa egiten du. "Gustura izan direnaren seinalea da hori". Hamabostaldi honetan, Haur Hezkuntzako haurrak Murumendi Eskolan elkartuko dira eta Lehen Hezkuntzakoak, aldiz, Alkartasuna Lizeoan.

Hasierako haurrekin egin moduan, babes eta segurtasun neurriak betez burutuko dira udalekuetako ekimen guztiak; eta egunerokotasunaren barnean daude haurrei tenperatu hartzea, instalazioetako higienea eta garbitasuna indartzea, maskarak erabiltzea eta aldian aldiko eskuak garbitzea. Baldintza horiek haur zein begiraleek errespetatzen dituzte. Horrez gain, taldeak osatzeko kopuruak murritzak izan dira eta begirale ratioa ere lehen txandan bezala mantenduko da, jende pilaketak ahalik eta gehien ekiditeko asmoz.

Txilibutxof Aisialdi taldearekin Udalak duen elkarlanari esker Urbieta etxeko aretoa utzi zaio beraien funtzionamendurako eta antolaketarako, eta dagoeneko hasiak dira haurrak udalekuetaz gozatzen. Udalak, etorkizunera begira, euskara eta aisialdia uztartuz Txilubutxofen dinamika indartzea aprobetxatuz elkarlanerako aukerak aztertzen jarraituko duela agertu du, elkarren arteko zubiak eraikiz eta Udal eta elkartearen elkarlana erraztuko dituen pausoak emanez.