- Udalak jakinarazi duenez, COVID-19ak eragindako egoeraren aurrean "higiene eta segurtasun neurri zorrotzekin" emango diote hasiera uda kanpainari Idiazabalen.

Idiazabalgo Igarondoko igerilekuak bi ur eremu ditu, bata haurrentzako eta bestea helduentzako. Gainera, gune horren inguruan zelai zabalak badaude ere, urteen joan etorrian eta geroz eta jende gehiago joaten denez, egoera berri honetara egokituko dira eta horregatik alboan dagoen skate parkeko espazioa erabiliko da etzanda egoteko eremua zabaltzeko asmoarekin.

Momentuan arautatako aforoa betetzea bermatu beharko da, noski, indarrean dagoen legediaren arabera. Hain zuzen ere, 280 lagunekoa izango da gehienez ere kopurua. Iaz, aldiz, 946 abonatu egon zirenez, aurten asko mugatuko dute neurriek igerilekuan une berean egon daitekeen jende kantitatea.

Gauzak horrela, igerilekurako sarrera irteera dutxa banatatik egingo da eta bainua 20 minutukoa izango da. Aldageletan gehienez ere hiru lagunek egon ahalko dute eta komunetan garbiketa areagotu egingo dute, higienea bermatzeko asmoarekin.

Bonoa ateratzeko epea zabalik dago eta herritarrek abonu horiek etxetik, erregistroa online eginda, edota Udaletxeko liburutegira joanda lortu ahalko dituzte. Azken honetan, ordutegia egongo da tramitea egiteko, goizeko 8.30etik 15.00etara hain zuzen ere. Gainera, ekainaren 25a baino lehen helbideratuz gero, %5eko hobaria izango dute abonua ateratzen dutenek.

Izena ematen duten unean erabiltzaile bakoitzari letra bat egokituko zaio, 50eko taldeetan banatuta. Aforoa gainditzen den uneetarako hustutze protokoloa abiatuko da; hau da, talde jakin batek edo gehiagok igerilekua utzi beharko dute. Webgunean eta igerilekuan egutegi bat egongo da letren hurrenkera batekin, guztiek jakin dezaten zein taldetan dauden eta ea irten beharko duten jende kopuru gehiago joaten bada.

Bestalde, zelai guztia eremuka banatuta egongo da arauek ezarritako distantzia tarteak banatzeko. Izena ahalik eta azkarren emateko eskatu dute, lehen hori egiten dutenek lehentasuna izango dutelako.