- Izena emateko epea dagoeneko zabaldu dute Ordiziako udalekuetan. Aurrez aurre egiteko aukera egongo da, bihar arte. Aukera hau hartzen dutenek aurretiko izen-emate fitxa bete eta Ordiziako Udaleko arreta bulegoan entregatu beharko dute, 9.00etatik 13.00etara. Aldiz, nahiago dutenek Internet bidez egin, ekainaren 21a bitartean edukiko du epea zabalik, eta Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuan egin behar da tramitea, www.ordizia-euskaraz.eus helbidean, zehazki.

Uztailaren 6an hasi eta 24a bitartean eskainiko dute Ordizian udaleku irekien zerbitzua. Hain zuzen, 2009 eta 2015 urte bitarteetan jaiotako haurrei zuzenduko zaie, eta astelehenetik ostiralera izango dute udalekuez gozatzeko aukera, goizeko 10.00etatik 13.00etara bitartean.

Aurtengo tarifa edo prezioei dagokionez, apuntatzen den haur bakoi-tzeko 63 eurokoa izango da ordaindu beharrekoa; baina anai-arreba gehiago matrikulatuta badaude 54 euro kobratuko dira, bigarrenetik aurrera. Bestalde, RGI edo bestelako gizarte laguntzak jasotzen dituztenentzako 18 eurokoa izango da jarriko den tarifa.

Koronabirusak eraginda neurri bereziak hartuko dituzte, eta, gainera, plaza mugatuak egongo direla ere jakinarazi dute. Horregatik, lehentasuna izango duten familiak honakoak dira: egoera zaurgarrian daudenak, guraso bakarreko familiek eta bi gurasoak edo tutoreak lanean dituzten familiek. Guztiek hori frogatzen duten dokumentazioa aurkeztu beharko dute. Plaza lortu dutenen behin betiko zerrenda ekainaren 24an argitaratuko da.