- Aurten, Udalek Foru Funtsaren aldetik diru gutxiago jasoko dute, ia %20 gutxiago. Horrek eragin zuzena du udalen egoeran, eta Beasaingo Udalaren kasuan maiatzeko Udalbatzan mahai gainean egon da gaia. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen Beasaingo Udalak Foru Aldundiari, Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren itzulketa negozia zezala eskatuz. Idatzian, Aldundiak udalei egiten dien diru banaketan %20ko murrizketa aplikatzea aldebakarreko erabakia zela aipatzen zen.

Gobernu taldeak, baina, aipamen hauek okerrak direla nabarmendu zuen. Aitor Aldasorok, Beasaingo alkateak, azaldu zuen itzulketa ez dela Aldundiaren erabaki baten ondorio. “Azken hiru urteetan adibidez, emaitza positiboa egon denean, orain erabili den formula berbera eta elkarlan berbera erabili dira. Aldiz, aurreikusitakoa baino gutxiago jasotzen bada, itzultzea tokatuko zaigu”. Udal Finantzaketarako Foru Funtsa hiru erakundeen arteko akordio batean oinarrituta dagoela gaineratu zuen: Eusko Jaularitza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udala bera. Hala, duten akordioaren bidez erabaki-tzen dela zerga bilketaren bitartez Foru Aldundiak jasotakoa Udalei nola banatu. Aldasorok argitu zuen auzia ez dela mozioan aipatzen zen bezala “aldebakarreko erabakia, hiru erakundeen artean hitzartutakoa baizik”. Eta gaineratu zuen krisi egoera honek zuzenean eragingo diela “finantza egoera zailean dauden Udalei, edo aurreikuspenetan zuhurtziaz jokatu ez dutenei, foru araua betetzeko zailtasunak izango dituzte eta”. Hala, mozioa ez zen onartu EAJren aurkako 9 botorekin, PSE-EEren bi abstentzio eta EH Bilduren 4 aldeko bozkekin.