- Herriko tabernetako terrazak jendez beteta ikusi ditugu nonahi, familiak eta lagun kideak trago baten bueltan elkartuz. Herriko elkarte gastronomikoen kasuan, bigarren fasean izanda, haiek erabaki behar izan dute zabaldu edo ez, eta Beasaingo bederatzi elkarteek ohar bidez jakinarazi dutenez, oraingoz behin-tzat itxita jarraituko dute.

Aitz-Zorrotz, Aizkorri, Arrano, Bareak, Beti-Bizi, Loinaz Korala, Loinaz Txirrindularitza, Murumendi eta Usurbe elkarteetako zuzendaritzak hobetsi du oraingoz behintzat ez zabaltzea.

"Berriro irekitzeko aukera eman zaigu, eta horretarako osasun eta segurtasun neurri jakin batzuk betetzea eskatu zaigu Eusko Jaurlaritzatik eta Beasaingo Udaltzaingotik", azaltzen dute oharraren hasieran. Beasaingo bederatzi elkarte hauek baldintza horiek aztertu egin dituzte, eta ikusi dute ezin dituztela bermatu eskatzen zaizkien betebeharrak: "Hor azaltzen diren arauak betetzea zaila ikusten dugu eta inondik inola ezin dugu bermatu elkartera etor daitezken pertsonen osasuna", argudiatu dute.

Ez litzateke arazoa izango, azaldu dutenez, espazioa eta elkarren arteko distantziak mantentzea. Azken finean, elkarteak nahiko handiak dira orokorrean eta bertan izaten diren mahaiak handiak, familia eta lagun talde zabalak hartzeko modukoak. Bai, ordea, arazoa izango litzateke elkarte hauentzat osasun eta higiene neurriak betearaztea, "batik bat, garbitasunari eta desinfekzioari dagozkionak: maratilak, sukaldeko tresneria, kafe makina, aulkiak, mahaiak...", zehaztu dute.

Gauzak horrela, ezinezkoa ikusten dute gaur gaurkoz elkarteak duen "berezko funtzioa betearaztea", elkargune izatea neurri berriak errespetatuz. Fasez igaro ahala baldintzak aztertu eta erabakiak hartuko dituztela gehitu dute.