- Urtero, Ataunen, nekazarien feria eta festa egiten dute, San Isidro egunean. Maiatzaren 15a da data, eta Aia auzoa izan behar zuen kokaleku. Beste hainbat eta hainbat ekintza eta egitasmokin gertatu moduan, tamalez, honek ere ez du aurten bere ediziorik ospatuko. Ataungo Udalak azaldu du bertan behera gelditzen den bizitzen ari garen osasun larrialdi egoerak behartuta.

Hala ere, eta nahiz eta azoka ez den egingo bere horretan, Udalak baserritarren aldeko konpromezua erakutsi du eta lehen sektoreko ekoizleei babesa adierazi dien. Horregatik, katalogo bat osatuko dute haien produktuak kontsumitu daitezen. Modu horretan, herriko ekoizleei bultzada bat eman nahi die bertako Udalak, bizi dituzten garai zail hauetan irteera bat emanez haien produktuei. Katalogo prest dutenean herritarrei bidaliko zaie etxeetara, eskura izan ditzaten telefono zenbakiak zuzenean eskariak egin ahal izateko.

Herriko taberna eta jatetxeak ere hasiak dira moldatzen pandemia egoerara, eta horregatik hasiak dira etxerako janari zerbitzua ematen. "Haien produktuekin etxean gozatu eta bide batez bultzada bat emateko aukera ona da", azaldu dute. Hain zuzen ere, gaur gaurkoz honako komertzioak dira zerbitzu hau eskaintzen ari direnak: Urbitarte sagardotegia, 943 180 119 (eskaria egin eta etxera eramaten dizkizute sagardo botilaz betetako kaxak); Sutegi taberna: goizez denda funtzioa betetzen du eta asteburuan ogitartekoak eskaintzen dituzte 943 180 354 / 620 208 489 telefonoan eta Troskaeta tabernan Ogitartekoak, pizzak, razioak, entsaladak eta edariak prestatzen dituzte eramateko (943 180 037).