uskal komunitatea txikia dela, Interneten ez duela presentziarik, edukirik ez dagoela... askotarikoak izaten dira euskara eta Internet batzen dituzten esaldiak. Askotan, tamalez, ez dira positiboak izaten. Aldiz, bada mugikorrerako joko bat non euskal komunitatea batzea lortu duen, eta izugarrizko afizioa ere sortu duen: Egunean Behin aplikazioa da horixe.

Hirugarren denboraldia asteazkenean, apirilaren 8an, amaitu zen. Eta sailkapen nagusian lehenengoa Eñaut Arretxe segurarra izan da; irakaslea, euskal kulturaren maitale eta defendatzaile sutsua. 300 lagunek parte hartzeko aukera izan zuten final handian; denboraldi osoko puntazioan lehen ehunetan gelditu zirenak, zozketaz beste 100 pertsonak lortu zuten pasea, eta gainontzekoak igandean jokatu zen partidako lehen ehun sailkatuak izan ziren.

Arretxe 12. sailkatu zen denboraldi osoko sailkapenaren arabera, eta beraz, finalerako txartela hasieratik eskuratu zuen. Youtuben, Edurne Azkaratek aurkeztuta, zuzenean egin zen finala. "Hiru partida jokatu genituen, lehen biak 100 puntukoak izan ziren eta hirugarrena, berriz, 200ekoa", zehaztu du Arretxek. Bakoitzak bere emai-tza ikusten du galdera sorta eran-tzun ondoren, baina sailkapenaren berri aurkezleak ematen du soilik.

"Zortzi asmatu nituen lehen galdera sortan eta ez nintzen azaldu sailkapenean; bigarrenean, ordea, bederatzi izan ziren eta Azkaratek esan zuen bataz beste 5,1 galdera izan zirela ondo erantzun zirenak. Orduan pentsatu nuen agian pauso bat aurrera egin nuela sailkapenean. Horren berri eman zuten eta bigarren partidaren ostean lehenengo nengoen. Arreba ondoan nuen eta hori aipatzen hasi ginen... hor urduri jartzen hasi nintzen", zehaztu du.

Hirugarren eta azken partida erabakigarria zen. 200 puntu zeuden jokoan, beste partiden bikoitza. "Eskuak dar-dar egiten zidan eran-tzunak aukeratzeko orduan. 10 asmatu nituen, eta arrebari esan nion: Ainitze, irabazi egin dezakedala!, eta halaxe izan zen, sailkapena eman zuten eta lehenengo negoen", kontatu du.

Ospakizun arraroa izan zela onartu du, arreba eta biak elkarrekin zeudela, salto batzuk, barreak eta "irrin-tzi estiloko garrasi bat" ere egin zuela onartu du Arretxek. Pozik, dudarik gabe, garaipenarekin.

Jokoari dagokionez, "beti afalostean eta bakarrik" egiten duela adierazi du. Bere kasuan, denbora gehien letra zopetan eta hizki batzuk emanez hutsuneak osatu behar diren hitzetan joaten zaizkio: "Badaki eran-tzun zuzena hor dagoela eta denbora gehiago pasatzea onartzen dut". Pertsonaia ospetsuak ere zailak egiten zaizkio batzuetan.

Eskertuta dago: "Eskertu behar da euskaraz 100.000 lagunek parte hartu dugula, eta hori izugarria da. Joko sinple bat dirudienarekin halako euskaldun kopurura iristea".