beasain - Beasaingo Udalak bertako herritarren zahartzaroan ere eragin nahi du, egungo gazteen egoeretan aurrerapausoak emateaz gain. Hala, adinekoen autonomia, osasuna eta produktibitatea hobetu nahian, zahartze aktiboaren eta osasuntsuaren kulturarekin bat egiten du Udalak, adinekoek gaixotasun kronikoekin lotutako ezintasunengatik gutxiago sufritu dezaten eta osasun eta gizarte arloen arretaren beharra gutxitu dadin. Horrek ekarriko du, besteak beste, bakardade-egoerarik ez izatea, independentzia eta bizi-kalitate ona mantentzea, eta udalerriko esparru ekonomikoan, sozialean, kulturalean eta politikoan parte hartzen jarraitzea.

Horregatik, Neurobai, zahartze aktiboa sustatzen duen estimulazio sentsorial eta kognitiboan oinarritutako terapia ez-farmakologiko bidezko metodo berria abiatuko da, aurrez udal gobernuak bultzatutakoen osagarri izango dena.

Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatearen hitzetan "arduradun publikoek eta gizarteak, oro har, aurre egin beharreko erronka nagusia biztanleriaren zahartze progresiboari aurre egitea da, adinekoen mendekotasun egoera aurreikusteko. Mendekotasun hori eta horrek osasun eta gizarte kostuetan dituen ondorioak atzeratzea edo murriztea biztanleria osoaren kalitatea hobetzeko inbertsio bat da; horregatik, Neurobai metodo berri hori duela urte batzuetatik abian jarritako Goiz Alzheimer eta Goiz Zaindu programei gehitzen zaie".

Antzizar kiroldegian kokatuko da zerbitzu hau eta bertan funtzio kognitibo eta sentsorialei aplikatutako teknologia berrien bidezko terapia multimodala egingo da. Jokin Garrues da proiektuaren sustatzailea eta Beasaingo Anezka zerbitzu enpresen gunean bere metodoa gauzatu eta ezarri ahal izan du Beasaingo Udalaren eta Goiekiren laguntzari esker.

60 urtetik gora Neurobai metodoak, metodologia aitzindari eta berritzaile baten bidez, parametro bio-psikosozialetatik baloratzen du pertsona. Kirol instalakuntzak belaunaldi ezberdinetako pertsonen topaleku direnez, zahartzearen premiei prebentzioaren bidez erantzuteko, balorazio biopsikosozialaren bitartez adineko pertsonen sailkapena egiten da.

60 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute proiektuan. Kasu honetan Beasaingo 100 pertsona izango dira erdiak gizonezkoak eta gainontzeko erdiak emakumezkoak. Hasierako balorazio psikiko sozialarekin, eta emaitzaren arabera, astean banakako saio bat eta taldeko bi saio egingo dira.

Terapiek hiruhileko bat iraungo dute, eta adineko pertsonen ahalduntze maila baloratuko da kiroldegian ezarritako zerbitzu honetan. Metodoa gauzatzeko, berriz, zailtasun txikiko gailu elektronikoak eta interfazeak, hala nola, pantailak, softwarea, bideoak, audioa, ikusmena, entzumena, dastamena eta ukimena, erabilerrazak daude. Pertsonaren eta metodoak sortzen dituen estimuluen arteko interakzio handiagoa sustatuko da bide honetan.

Zahartzaroari lotutako hainbat gaixotasunen ondorioak arintzen saiatzen da sistema hau. Azken 20 urteetan, terapia ez-farmakologikoek garrantzia hartu dute desoreka fisiko eta adimenezkoak dituzten pertsonen arazo kognitibo eta sentsorialen tratamenduan, susta-tzaileak aurkezpenean azaldu moduan. Hainbat apatologiak, esaterako dementzia, estresa edo min kronikoak eragindako arazo kognitiboak eta jokabide-arazoak murriztean edo kontrolatzean erakutsitako eraginkortasun zuzenarekin lotuta dago.