ORDIZIA - Hiru astez Greziako Lesbos herrian egon da Aitor Urdangarin ordiziarra, boluntariotza lanak egiten. Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez bizi du esperientzia, eta bertako errefuxiatuen egoera ezagutu ahal izan du.

Lehen esperientzia izan da zuretzat boluntario moduan. Nolatan sortu zitzaizun ideia?

-Betidanik izan dut gogoa nire opor egunetan halako zerbait egiteko. Hala, begiratzen ari nintzela zeuden aukerak, Zaporeak proiektuarekin topo egin nuen eta, egia esan, zortea izan nuen, baiezkoa esan zidatelako. Azkenean, beraiek talde kopuru berdinarekin lan egiten dute beti, nahiz eta kideak aldatzen joaten garen. Normalean, gehienak hiru astez egoten dira bertan, nahiz eta salbuespen kasu batzuk ere badauden.

Lesbosera iritsi zinenean, espero zenuena aurkitu zenuen?

-Ez nintzen aurretiazko ideia batekin joan, nahiz eta bertara joan behar ginenoi koordinatzaileak aurrez azaldu zizkigun nondik norakoak. Hori bai, iritsi eta ondorengo bizpahiru egunak gogorrak egin zitzaizkidan; batez ere, sentimendu aldetik. Nolabait bertako egoerara egokitzeko denbora behar izan nuen, nahiz eta ondoren gozatu dudan esperientzia izan den. Pentsa, hiru asteak amaitu ondoren ez nuen itzuli nahi.

Eta hori, zergatik?

-Bertako errefuxiatu batzuekin erlazioa egin nuen, eta, azkenean, ni nire errealitatera itzuli nintzen baina beraiek egunero bizi duten egoera gogorra da, eta horrek nolabait ezinegona sortzen du.

Zer izan da aurkitu zenuena?

-Pentsa, Moria kanpanmenduan elkartzen dira Greziara iristen diren asko eta asko. Gainpopulazio handia dago egun, izan ere, 3.000 pertsonentzako prestatuta dagoen kanpamenduan, egun, 20.000 lagunetik gora daude. Azken finean, zabor artean bizitzera kondenatuta daude, eta otorduak banatu arren, askotan guztientzako ez da iristen. Izan dut sentsazioa egun osoa janariren zain pasatzen dutela, eta, askotan, ez dela iristen beraientzako razioa eta berriz ere itxaron egin behar dutela. Tristea da oso.

Zein izaten da zure jarduna bertan?

-Hasiera hasieratik ardurak banatu egiten genituen. Koordinatzaile bat dago bertan eta sukaldari bat ere bai, eta gure eginbeharra barazkiak moztea, horien banaketa egitea... izaten zen. Goizean goiz hasten genituen gure eginbeharrak.

Eta errefuxiatuek nola hartzen zaituzte boluntario moduan joaten zaretenoi?

-Bertako errefuxiatuek eskerrak ematen zizkiguten, otorduaren unea gustura hartzen zuten. Greziako Gobernuak bideratzen ditu bertara janari kopuru batzuk, baina bitamina aldetik eta baxuak omen dira eta, gainera, kantitatea ere murritza. Beraz, Zaporeak bezalakoek egiten duten lana behar beharrezkoa da bertakoentzako.

Egiten duten lana ikusgai jarri duzue orain, Ordizian.

-Bai, hori da, bertako argazkiak ikusi daitezke Barrena Jauregiko sarreran jarritako erakusketan. Ondoren, Beasaingo Usurbe Antzokiko Erakusketa gelan jarriko dugu, beste bi astez. Garrantzitsua da ikustea nola dauden bertan, eta hausnartzea Europan errefuxiatuekin zer egiten ari garen, ez da bidezkoa horrela edukitzea pertsonak, egoera horiek bizitzen, eta zerbait egin beharra daukagu.