Beasain. Biharko greba orokorrak aldaketa batzuk eragingo ditu zabor bilketa egiterako orduan, Sasieta mankomunitateko zein Goierri Garbia bilketa-enpresako langileek bat egingo baitute. Horregatik, herritarrei hainbat zehaztapen eta gomendio eman nahi izan dizkiete, kontuan izateko zaborra ateratzeko orduan. Hain zuzen ere, gaur gauean eta bihar egun osoan eskaintzen diren zerbitzuetan izango du eragina: zerbitzu orokorretan, garbiguneetan, eta herrietako, ostalaritzako eta industrialdeetako bilketetan.

Garbiguneak eta arreta bulegoak itxita egongo dira egun osoan zehar. Bilketei dagokionean, atez atekoan ere aldaketak egongo dira Itsasondon, Seguran eta Zaldibian: gaur atera beharreko ontziak, eta Zaldibiako kasuan errefusaren ontziak ere bai, ez dira bilduko; beraz, horiek ez ateratzeko deia egin dute, bilketa horiek galdu egingo direlako.

kartoi bilketa, ez Ostalaritzetako jabe edo arduradunak ere bestelako neurri batzuk hartu beharko dituzte greba orokorra dela medio. Orokorrean, gaur gauean egiten den kartoi-bilketa ez da egingo, beraz, gaur ateratzen diren kartoiak ez dira jasoko. Hala ere, bihar gauean normalitatea egongo da eta orduan bai bilduko dira kartoiak.

Hainbat herrietan bihar, osteguna, egiten da organikoaren bilketa eta hori normaltasunez egingo dela jakinarazi dute Sasieta Mankomunitatetik, beraz, Arama, Gabiria, Beasain eta Lazkaon ez du eragin zuzenik izango. Ordizian, berriz, gaur ez da ontzien bilketa egingo, eta Zegaman, Olaberrian, eta Idiazabalen ostalaritzako errefusa ez da bilduko. Kasu honetan ostiral goizera atzeratuko dela eman dute ezagutzera.

Industrialdeetan ere zabor ugari pilatzen da, eta gaur gauean zein bihar goizean egiten diren bilketak ez direla egingo adierazi dute, beraz, jasotzeko atera-tzen diren zaborrak ez uzteko mezua zabaldu nahi izan dute.

Biharko greba orokorraren ondoren, normaltasunez jarraituko dute datozen egunetan, orain arte moduan, herriz herri tokatzen diren zabor bilketak egiten. - M.A.