lazkao - Lazkaon San Prudentzio jaiak apiril amaierarekin batera hasiko dituzte . Egitarauaren berri emango duen azala oraindik ere zehaztu gabe dago, eta Lazkaoko Udalak eskumen hori herritarrei emango die, izan ere, lehiaketa martxan jarri du. Martxoaren 2a bitartean, 18.00ak arte, jasoko dituzte lazkaotarren proposamenak, Udaleko harreran. Irabazleak 200 euroko saria jasoko du.

Edozein eratakoak eta koloretakoak aurkeztu daitezke: argazkia, collagea, pintura... baina lan guztiak bertikalean egindakoak izan behar dira eta neurria 148 x 210 mm (A5) edo horren proportzioa gordetzen duen beste tamaina batekoak. Gaia, jakina denez, Lazkaoko jaiak da, eta agertu beharreko testua San Prudentzio jaiak 2020 izango da, besterik ez.

Bestelako oinarri batzuk ere zehaztu dituzte: azalak ezingo du inolako aldarrikapen sexistarik edo politikorik izan, ezta alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik. Inoiz argitaratu gabeak, eta pertsonako lan bakarra aurkeztu daiteke.

Lanak aurkezteko moduari dagokionez, euskarri fisikoan egin nahi duenak, kartelaren atzean egileak izenburua adierazi beharko du eta kartazal itxi batean izen deiturak, helbidea eta telefonoa. Kartazalaren kanpoan, berriz, izenburua.

Formatu digitalean eginda dauden lanak formato bektorialean aurkeztu beharko dira derrigor eta euskarri digital bidez, cd batean, esaterako. Kartazal itxi batean izen deiturak, helbidea eta telefonoa, eta kartazalaren kanpoan lanaren izenburua. Formatu digitalean egindakoak kultura@lazkao.eus helbidera ere bidali ahalko dira. Lanaren amaierako dokumentua (pdf edo jpg formatuan), eta lana formatu bektorialean bidali beharko da. Egilearen datuak zehaztu beharko dira mezuan. - M.A.