BEASAIN - Aurten, beste behin ere, Beasaingo eta Ordiziako Udalek bat egin dute kulturaren aldeko lankidetzan eta Antzerki Garaia zikloa martxan jarri dute. XXVI. edizioa ostiral honetan hasiko da, eta bi Udalen ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetzarekin bultza-tzen da, antzerkia hedatu eta ikusleak erakartzeko asmoa helaraziz.

Aurtengo edizioari dagokionez zortzi antzezlanek osatzen dute egitaraua. Horietatik bat izango da soilik gaztelaniaz; nahiz eta euskaraz eskainiko diren zazpi lan horietatik bik bigarren saio bat eskainiko duten gaztelaniaz. Antzezlan horiek Moko Zorrotza eta Simplicissimus izango dira; beraz, euskaraz ikusteko aukera izateaz gain, gaztelaniaz ere egin nahi dutenek izango dute halako aukera. Bestalde, ikuskizun guztiak 22.15ean eskainiko dira euskaraz, eta gaztelaniaz ikusgai diren biak, 20.00etan hasiko dira.

Xabier Matarranz, Beasaingo kultura zinegotziak eta Lander Mujika, Ordiziako kultura zinegotziak egitarauaren aurkezpena egin dute, eta gustura agertu dira aurtengoan osatu duten egitarauarekin. "Kalitate altuko eta euskarazko lanen aldeko apustua egin dugu beste behin", nabarmendu dute. Elkarlanaren garrantzia ere nabarmendu dute, eta halakoak beste herrietara hedatu eta Antzerki Garaia are zabalagoa izateko nahia ere bai.

APIRILA BITARTE Gauzak horrela, ostiral honetan hasiko da, Beasainen eskainiko den emanaldiarekin. Utzi zure mezua seinalearen ondoren lanak lau ahotsetako historio bat kontatzen du. Ttanka Teatroaren ekoizpen honetan Miren Arrieta, Sara Cozar, Mireia Gabilondo eta Oihana Maritorena aktoreak hartuko dute ildoa. Gertatzen zaizkien gauzak eta sentimenduak erantzungailu automatiko batean utziko dituzte grabatuta.

Hurrengoa Ordizian izango da, bertako Herri Antzokian. Txandaka izango dira ikuskizunak, herri batetik bestera salto eginez; lau eskainiko dira bakoitzean. Hala, hilaren 17an, gaztelaniaz emango den El gran crucero izango da ikusgai Ordizian. Kasu honetan, Noe Lifona, Jose Luis Guerrero eta Garikoitz Lariz aktoreak igoko dira taula gainera. Zerbitzu militarra bete ostean, horrenbeste desiotako helmugara jotzen dute: guztia ordainduta duzula adierazten duen eskumuturrekoarekin igarotzen diren oporrak.

Hirugarren emanaldia ere Ordiziak hartuko du, otsailaren 14an. Giltzadun Etxea obran Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo eta Vito Rogado aktoreen indarkeria jasan duten emakumeentzako bi aterpetxeren eguneroko joan-etorriak agertuko dituzte, bai larrialdietarako etxean batean eta harrera etxe batean bizi diren errealitateak jorratuz. Ainara LeGardon musikariaren soinu banda zuzenekoa izango da entzungai Tanttaka Teatroaren lan honetan.

Otsailarekin segiko dute antzerki saioek eta 21ean, Beasainen Moko Zorrotza taularatuko dute. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak gorpuztuko dute elkar maite diren baina bizitza modu ezberdinetan ikusteko duten bikote baten erlazioa. Hausnarketa eta algarak batuko dituzte, gaztaroko ametsak errealitate bihurtzen dituzten bitartean.

Martxoaren 6an Ordiziara itzuliko da aktore festa, Ane Gabarain, Joxe Kruz Gurrutxaga, Mikel Laskurain, Susana Soleto eta Asier Sotarekin, Ene ba! lanarekin. Haur bat jaio baino lehen zein izen jarri behar zaion pentsatzen hasten dira protagonista, eta horrek berak korapilo handia sortuko du. Dudarik gabe, umore zorrotzarekin landuko dute Herri Antzokian lan hau.

Umorea albo batera utzi eta gaixotasun mentala diagnostikatu ondoren bere buruaz beste egiteko puntuan dagoen historia emango da martxoaren 13an, Beasainen: Igel euria. Isidoro Fernandez, Lierni Fresnedo, Tomas Vitoria eta Sandro Iobani aktoreek parte hartuko dute ikuskizunean, gai zail hau interpretatuz.

Antzerki Garaia zikloko Beasaingo azken emanaldia apirilaren 4an izango da. Simplicissimus lanak Berlingo kabaret batera eramango du ikuslea. Botereari barre eginez, kontzientziak esnatuko dituzte Patxo Telleria, Olatz Ganboa eta Getari Etxegaraik. Kasu honetan, gaztelaniaz izango da lehen saioa eta ondoren euskaraz.

Eta aurtengo ziklo zabal eta aberatsa ixteko Harri orri har antzezlana Ordiziara iritsiko da. Euskal Herrian bertan kokatzen da kontakizuna, ikastetxeko patio batean. Elkar ezagutzen ez diren zazpi pertsona daude bertan, eta ixiltzen diren gauzen inguruan arituko dira Nagore Gonzalez, Josune Velez de Mendizabal, Martxelo Rubio, Jontxu Martinez, Iñake Irastorza, Egoitz Sanchez eta Haizea Baiges.

SARRERAK Aipatzekoa da edizio honetan ikuskizunetarako sarrerak 12 euroan izango direla salgai emanaldi bakoitzeko. Denboraldi osorako abonuaren salneurria, berriz, 72 eurokoa izango da. Antzezlan beraren bi saioetan abonatuei euskarazko saiorako gordeko zaie lekua. Salmenta lekuak Ordiziako Herri Antzokiko leihatila eta Barrena jauregia eta Beasainen Usurbe antzokia izango dira. 10 sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten talde bereziek prezio berezia izango dute, 10 euro, eta dagokion Udaleko kultura sailean eskuratu beharko dituzte.