idiazabal - Entrenatzeko arropa jantzita azaldu da Josu Urrestarazu idiazabaldarra hitzordura. Azken aldian mendi lasterketa laburretan, sprint kategorian, maila bikainean dabil, baina 25 urte hauetan hainbat diziplina probatu ditu.

Txirrindularitzari oso lotua egon zara beti.

-Bai, afizioa nire aitarengandik jaso izan dut, bera ere asko ibili da txirrindularitzan. Oroitzen naiz lagun artean probatzen hasi zirela eta nik ere bide bera hartu nuen. Infantiletako bigarren urtean Irene Usabiaga txirrindulariak haren bizkleta utzi zidan probatzeko, eta kadeteen lehen mailan gurasoek oparitu egin zidaten bat. Jolas bat bezala hasi nintzen.

Zenbat urte eman dituzu txirrindularitzan?

-Hamar. Hor bi fase desberdintzen ditut. Batetik, lehen bost urteetan, jubenil kategoriara iritsi arte, gehienbat denbora-pasa bat zen. Ondoren serioago hasi nintzen, afizionatu mailan. Hor aukera egin behar izan nuen, zeri eman lehentasuna. Adin horretan unibertsitatean hasten zara, lagunekin parrandan... eta nik txirrindularitza lehenetsi nuen. Lagunak festetara joaten ziren eta ni lasterketetara.

Eta zer moduzko mailan aritu zarela esango zenuke?

-Oso gustura ibili naiz. Kadeteko bigarren urtean bost podium eskuratu nituen, bi bigarren postu eta hiru hirugarren. Bestalde, amateurretako hiru-laugarren urtean entrenatzaile profesional batekin hasi nintzen eta postu dezenteak eskuratu nituen; Espainiako Kopan lehenengo hamarretan sailkatu nintzen eta ziklokrosean Euskadiko Selekzioarekin ere aritu nintzen.

Azkenaldian bizikleta gainean baino gehiago ikusten zaizu mendian korrika.

-Bai, 2017ko neguan ziklokrosean ibili nintzen eta ondoren Urretxu Zumarragako UZ Trail mendi lasterketan atera nintzen. Lehia amaituta ikusi nuen dortsala janztea gusta-tzen zitzaidala.

Mendian lasterka ibiltzeari gustua hartu diozu, beraz.

-Dudarik gabe. UZ lasterketa bat amaituta euforia handia sentitu nuen, nahiz eta ia bost egunetan agujetak izan nituen. Urte erdian lasterketetan parte hartzen ibili ostean hartu nion neurria.

Azkenaldian lehen postu ugari lortu dituzu. Datorren urterako zein helburu dituzu?

-Lasterketa laburretan ibiltzen naiz gustuen. Itziar Trailen seigarren amaitu nuen lasterketa txukun bat eginda eta hor ikusi nuen motzetarako gaitasuna izan nezakeela. Datorren urtera begira lasterketa laburretan zentratzen jarraituko dut. Aurten lau garaipen lortu ditut: Uxue Trail, Axari Trail txiki, Hondarribiko Beñat Eltzo eta Etxebarri Extrem.

Zer ematen dizute lasterketa laburrek?

-Modalitate honetan fin nabil eta lasterketako desgastea ez da handia; oso azkarra izaten da. Abiadura erakargarria da.

Txirrindularitzan ibiltzeak onurak ekarri dizkizu korrika ibiltzeko?

-Esango nuke ohitura batzuk eman dizkidala mendi lasterketarako prestatzeko; konstantea izatea gustatzen zait, eta ikustea gorputzak ondo erantzuten diola esfortzuari, lasterketa gogorra izan arren indarrarekin amaitzen duzula.

Mendi bat. Txindoki. Gustoko dut bertako kilometro bertikala probatzera joatea.

Hondartza bat. Itzurun.

Paisaia bat. Idiazabalgo Aran-tzamenditik ikusten dena: Aizkorri eta Txindoki.

Festa edo ekitaldi bat. Azkenaldian dortsal bat janzten ditudan egunak festa bihurtu dira lasterketen inguruan sortzen den giroa paregabea izaten delako; karrera txarra izanda ere ondo pasatzeko aukera izaten dut.

Txoko gustokoena. Zirkuitu baten barruan, abiaduran.

G

ipuzkoatzen