bertan

Donostia | Argazkilari berrien habia

20.03.2021 | 00:28
Egoitza Pasealeku Berriko garai bateko Bainu Etxearen eraikinean kokatuta dago. Argazkia: Ruben Plaza

Donostiako Pasealeku Berrian kokatuta dagoen Gipuzkoako Argazkilari Elkartea argazkigintzari bultzada bat emateko ekimen berriak sortzen ari da, arte mota horrek gaur egun duen indarrari etekina atera eta are gehiago sustatzeko asmoz.

Argazkilaritza maite zuten pertsona batzuen artean sortu zuten 1945ean Gipuzkoako Argazkilari Elkartea, irudiaren munduarekin zerikusia duten jarduerak –argazkilaritza eta bideogintza– sustatzea helburu duen irabazi asmorik gabeko elkartea. Argazkilari Elkartearen lokal sozialak asko izan dira, 1974az geroztik Donostiako Pasealeku Berriko Bainu Etxearen eraikin zaharrean kokatu arte, Donostiako Udalak horretarako baimena eman ondoren. Eraikin hori zaharberritu eta birmoldatu egin zuten 1995. urtean, eta Argazkilari Elkarteari 1.000 metro karratu inguru eskaintzen dizkio gaur egun gizarte jarduerak egiteko.

400 bazkide inguru ditu eta bertan egiten dituzten ekimenak askotarikoak dira. Susana Gajaca presidenteak azaldu dizkio egunkari honi Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen nondik norakoak.

Duela urte askotatik argazkigintzan hasteko eskolak ematen dituzte bertan. Ondoren, ikasle bakoitza hainbat arlotan espezializatzen da; kale-argazkian, paisaia-argazkian edo proiektu pertsonaletan, esaterako. Eskola horiek argazkilaritzako hainbat profesionalek ematen dituzte: Lurdes Basolí, José Benito Ruiz eta Maddi Trutxuelok, besteak beste.

Gainera, FIAPen (Fédération Internale de l' Art Photographique) babesarekin antolatzen den Nazioarteko Gipuzkoa Saria lehiaketan ere parte hartzen dute. Txapelketa 1972. urtean hasi zen eta 1976an nazioartera zabaldu zen. "Gaur egun ospe handia du txapelketa horrek", nabarmendu du Gajacak.

Orain ordea, zuzendaritza-batzordea ekimen berritzaileak sortzen ari omen da. "Zuzendaritza-batzorde berri bat dugu, pandemia hasi zenean jarri genuena martxan. Eta zuzendaritza-batzorde berri gisa, gauza guztiz desberdinak egiten saiatzen ari gara", azaldu du Gajacak. Alde batetik, argazkilaritzari buruzko aldizkari berri bat jarri dute martxan eta online irakurri daiteke. Argazkilari Elkarteko bi emakumek abiatu dute eta hiru hilabetan behin argitaratuko da. Horrez gain, hilero buletin bat ateratzen dute bazkide guztiei informazioa emateko.

Erakusketak ere antolatzen dituzte. "Erakusketa-areto bat dugu, eta bazkideek euren lanak erakusteko ahalegina egiten dugu", adierazi du. Gainera, urtean FIAPeko bost erakusketa ere egiten dituzte Argazkilari Elkartean. "Garrantzitsuak dira oso argazkilari onak etortzen direlako. Urtarrilean Judith Prat izan zen gurekin eta uste dut aurten Iparralden oso ezaguna den argazkilari bat ere etorriko dela", nabarmendu du.

Gainera, duela ia bi urte laborategi analogiko bat jarri zuten martxan. "Argazkilaritza analogikoa pixka bat baztertuta egon da argazkilaritza digitalaren ondorioz, baina laborategiak oso ondo funtzionatzen du martxan jarri genuenetik. Egia esan, gaur egun gero eta jende gehiagok eskaintzen dio denbora apur bat analogikoari", aitortu du. Batez ere, jende gaztea joaten omen da laborategira eta jakin-minak bultzatuta edo proiektu pertsonalak egiteko asmoz joaten omen dira. Pandemiaren ondorioz ordea, une honetan ezin da erabili leku txikia eta itxia delako.

Eta Donostian proiektu handi bat abiaraztea ere pentsatzen ari dira gainera. "Argazkilaritza hilabete bat antolatu nahiko nuke hirian. Garatu beharreko gaia da, baina argazkilariak kalera atera eta erakusketak egin nahi ditugu espazio irekietan edo espazio itxietan, baina hiriko hainbat lekutan", azaldu du. Proiektua lehenbailehen garatu nahi dute, eta helburua jende gehiagorengana iristea izateaz gain, argazkilari berriak ezagutarazteko eta argazkilaritza pixka bat aldatzeko helburuarekin borrokatzea da.

"Pentsatzen dut gizartean egoteko eta datozen garai berrietara molda-tzeko modu bat dela. Argazkilaritza oso modan dago une honetan, eta kalera atera behar dugula uste dugu", azpimarratu du.

argazkilaritza gaur egun


Argi dago azken 20 urteetan asko aldatu dela argazkilaritza. Gaur egun, sare sozialek eta teknologiaren garapenak argazkigintzari indar handia eman diote, eta Gajacaren arabera, gero eta jende gehiagok omen du artea sortzeko modu honekiko interesa. "Mundu guztiak egin dezake argazki bat gaur egun eta Instagramen adibidez, jendeak igotzen dituen argazki gehienak mugikorrarekin egindakoak direla esango nuke", nabarmendu du.

Gaur egun mugikorrarekin argazkiak ateratzeko ikastaroak existitzen badira ere, benetako argazkilariek argazki-kamerak erabiltzen jarraitzen omen dute. "Sare sozialetan argazki artistikoagoak dituen jendeak argazki-kamerak erabiltzen ditu normalean. Uste dut argazki-kamera bat izan duenak betirako izango duela eta ez dela mugikorrera soilik mugatzen", esan du.

Argazkilari Elkartean ere guztiek erabiltzen dute argazki-kamera argazkiak ateratzeko, mugikorra neurri batean "mugatuta" baitago.

Ikastaroetara adin guztietako jendea joaten omen da. "Jende gazte asko etortzen da kamera nola erabili ikastera eta norberaren argazkigintza-eremua zein den ikustera. Baina uste dut hori argazki asko ateratzearen ondorioz ikasten den zerbait dela, benetan zer egitea gusta-tzen zaizun jakiten duzunean", adierazi du.

Eta erakusketetara ere jende asko joaten da, Aste Santuan eta udan batez ere. Aurten covidagatik argazkilari askoren erakusketak bertan behera utzi behar izan dituzte, baina Gajacaren arabera, aretoa beti saiatzen da "argazkilari onak" ekartzen. "Erakusketa-aretora jende asko sartzen da, bai bertakoak eta baita atzerritarrak ere. Ez dakit kokapenagatik den, baina orain atentzioa ematen duten gauza gehiago egin nahi ditugu jende gehiago erakartzeko; sarreran kartel handiagoak jartzea ideia ona da, adibidez", esan du amaitzeko.