Kontxako hondartzaren azpian ETS egiten ari den Topoaren lanen ondorioz, “itsasora zuzen-zuzenean doazen porlan-isurketak” egin direla salatu du Satorralaia mugimenduak Espainiako Kostetako Zuzendaritzan, erakunde honek Topoaren lanei 2017an jarritako baldintzak “urratzen ari direlako”.

“Hondartzaren eremu publikoaren lurrazalean inongo kalterik eragin gabe burutu behar ziren obrak, ingurune zaurgarri eta babes berezikoa denez”, gogoratu du. Gainera, “itsasoko uretara edonolako isurketak egiteko debekua jakintzat ematen zuen Kosten baimenak”, aipatu du. Baina mortero likido eta gai gehigarrien isurketak eragiten ari direla salatu du, eta abenduaren 14ko bideo bat ere zabaldu du, isurketa hori ikustarazteko.

Hala, “ETSren ausarkeria nabarmena eta kudeaketa ezin okerragoa” salatu zuen atzo Satorralaiak eta hondartzako injekzio-lanak geldiaraz ditzala eskatu dio Kostetako Zuzendaritzari.