- Herrerako San Luis plazaren itxura aldatu egin da azken asteotan. Alde batetik, Jose Elosegi etorbidera igotzeko eskaileren paretan mural koloretsua egin dute, zesta puntako jokalari baten besoa erakusten duena, baita hainbat barazki eta lore ere. Garai batean bertan zeuden frontoia eta azoka irudikatzen ditu.

Plazaren beste aldean, Renfeko zubiaren azpian hain justu, garai batean inguru horretan garbiketa lanetan aritzen ziren latsarien irudia jarri dute, auzoko emakumeak omentzeko helburua duen horma-irudia.

2019ko aurrekontu parte-hartzaileen baitan aurkeztutako proposamenetako bat Herrerako plazako bi gune horietan eragitea zen, gauez puntu kritikoak edo beltzak izan zitezkeelako. Hala, hainbat proposamen egin zituzten auzotarrek eta azkenean, murala eta emakumeen irudia jarrita, leku horien itxura aldatzea erabaki zuten, nolabait, kolorea eta bizitza ematea puntu ilunak izan ez zitezen.

Gainera, Jose Elosegi ingurura eta Topoaren estaziora igotzeko eskaileren zati bat (murala margotu duten paretaren atzean), inora ez zeramana eta puntu beltz garbia zena, itxi egin zuen Udalak urte hasieran.