San Tomasik ez zela egongo esan zuen Donostiako Udalak. Txerririk ez, txistorra posturik ez, animaliarik ez, azokarik ez, lehiaketarik ez... Baina, pandemiak ospakizun guztiei uko egitera behartu gaituen honetan ere, izan dira astelehen honetan San Tomas eguna, nola edo hala, ospatu nahi izan duten donostiarrak. Beti ere, egoerara moldatuta, noski.

Haur eta gazteak oporretan daude jada eta asko izan dira kalera baserritar jantziarekin atera direnak, egun honi berezko dituen koloreak oparitu dizkiotenak, kaleak bete ez badituzte ere. Buruan zapia edo txapela, ahoan maskara.

Gabonak hemen daudela iragartzen duen azoka bereziari kolorea baserritar jantziek ematen badiote, usaina eta zaporea txistorrak ematen diola ez dago zalantzarik. Bada, kalean ez, baina hainbat balkoi eta leihoetatik usain ezaguna atera da, eguerdi aldera. Harategietan ere txistorra saldu dute azken egunotan, salmentek aurreko urteotako kopuruekin zerikusirik izan ez badute ere.

Taberna askotan ere eutsi diote ohiturari eta txistorra pintxoak banatu dituzte bezeroen artean, aurten mahaian eserita jan behar izan badituzte ere.

Konstituzio plaza izaten da azokaren eta jaiegunaren bihotza eta astelehen honetako itxura esanguratsua izan da, oso. Leitzatik urtero etortzen den txerriaren lekuan, aurten jarritako Gabonetako bola handia egon da; arkupeen inguruan, berriz, tabernek berriki berriro ere zabaldu ahal izan dituzten terrazak. Pilaketarik ez, baina han eta hemen izan dira hor ere baserritar jantziak soinean zituztela alde batetik bestera ibili direnak, urteroko ibilbideari jarraiki, agian.

Hala, jai girorik ez da izan, jendetzarik ere ez, baina abenduaren 21a egun berezia dela adierazi dute donostiarrek eta San Tomasi keinu egin nahi izan diote, pandemiak ezarritako mugen zirrikituetatik.