- Lauaizeta inguruan hiru lursail prestatu zituen Udalak bere garaian aisialdirako baratze publikoen proiektua abiatu zuenean. Lehena, 2014. urtean zabaldu zuen eta ordutik 88 lagun ari dira bertako lurrak lantzen (6.200 metro karratu inguru dira guztira), beti ere autokontsumorako.

Bigarren lursaila amiantoarekin kutsatutakoa da eta hutsik dago 2017. urtetik. Eusko Jaurlaritzarekin batera, ikerketa egin du Udalak azken urteotan, ingurua nola errekuperatu aztertzeko. 9.300 metro karratuko lursaila da eta amiantoarekin kutsatutakoa zati bat bakarrik da. Inguru hori tapatu eta parke bihurtu nahiko luke Udalak (Altzako polikiroldegiaren inguruan egin duten moduan). Gainerakoan, berriro ere baratzeak egokitzeko aukera legoke, 100 inguru (hasieran 138 ziren). Horretarako, dirulaguntza eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Hirugarren lursail bat ere badago, 8.100 metro karratukoa (berez lursaila handiagoa zen, baina zati bat egokia ez zela erabaki zuten), eta hura egokitzeko lanak egiteko lehiaketa deitu zuen Udalak martxoan, 266.000 euroko aurrekontuarekin. Prozesua eten egin zen, ordea, pandemiarekin batera. Orain, koronabirusaren ondorio ekonomikoak kontuan hartuta, proiektu hori bertan behera uztea onartuko du gaur bertan udal Gobernuak, lehentasunezkoa ez delako. Izan ere, hirugarren eremua zabaltzearen eta kutsatutako bigarrena egokitzearen artean aukera egingo zuela erabaki zuen udal Gobernuak, ez zuela egungo egoeran bietan inbertituko. Hala, bigarren aukeraren alde egin du eta, beraz, hirugarren lursailak zain jarraituko du.

Gaur egun ia 400 pertsona daude aisialdiko baratze publikoak lantzeko itxaron zerrendan. Proiektuaren helburuak lurraren funtzio naturalak mantentzea, nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta herritarrak landara hurbiltzea dira, baita erabiltzaileen arteko harremanak bultzatzea ere.