- Donostiako Udaleko Gazteria sailak aurreikusten duenez, hiriko haurtxoko eta gaztelekuak ez dituzte urtarrilera arte zabalduko. Lau hilabetez egongo dira, beraz, itxita, uda ondoren irailean zabaldu behar bai-tzituzten ateak. Hori dela eta, kalera atera dira instalazio hauetako langileak hainbatetan, Udalari zerbitzua berreskuratzeko eskatzeko eta haien egoera salatzeko.

5 eta 17 urte bitarteko haur eta gazteentzako gune hauen kudeaketarako kontratua ekainean amaitu ondoren, lehiaketa deitu zuen Udalak, zerbitzua ikasturte berriarekin batera berriro abiatu ahal izateko. Izan ere, udaberriko alarma egoerak iraun zuen bitartean instalazioak itxita egon baziren ere (telematikoki hainbat jarduera eskaintzen jarraitu zuten), ekainean berriro zabaldu zituzten, segurtasun neurriak hartuta eta osasun egoerara egokituta.

Pandemiak, ordea, kontratu berriaren esleipena atzeratu egin zuela onartu zuen Duñike Agirrezabalaga Gazteria zinegotziak (egoeraren ondorioz hainbat zehaztasun eta baldintza aldatu behar izan zituzten), eta horregatik ezin izan zutela garaiz ebatzi eta zerbitzua irailean abiatu. Urrirako ateak irekitzea espero zuela ere esan zuen irailean bertan Agirrezabalagak.

Gipuzkoako Gizarte Integratzaileen eta Animatzaile Soziokulturaleen elkarteak helegitea jarri zion, ordea, lehiaketari, langileek zein formakuntza edo titulazio izan behar duten ez duelako zehazten, eta horrek prozesua luzatu du. Agirrezabalagak esan du hilabete honetan bertan helegitea itxita egongo dela uste dutela eta, ondoren, tramitazioak jarraitu beharko du. Hala ere, urtarrilera arte gutxienez ezingo da zerbitzua eskaini.

Horrek esan nahi du, printzipioz behintzat, auzoetako haurtxokoek eta gaztelekuek ohiko zerbitzurik gabe jarraituko dutela Gabonetan. Instalazio hauetako eta Etxarrieneko hezitzaileek, bitartean, mobilizazioekin jarraitzen dute, langabezian daudela salatzeko eta instalazioak itxita jarraitzea batez ere haurren eta nerabeen kalterako dela nabarmen-tzeko.

Bitartean, Gabonak Zuretzat kanpaina antola-tzen hasi da Donostiako Udala, eta dei egin die elkarteei haur eta gazteentzako jarduerak antolatzeko proposamenak aurkez ditzaten. Abenduaren 14tik urtarrilaren 6ra bitartean burutuko lirateke eta horiek bideratzeko dirulaguntzak ere onartuko ditu asteartean udal Gobernuak, 31.650 euroko aurrekontuarekin.

Jarduera horiek kultur etxeetan eta beste udal instalazioetan burutuko lirateke, Cristina Enean edo San Telmon, esaterako. Aurreko urteotan haurtxokoek eta gaztelekuek ere izaten zuten programazio berezia Gabonak Zuretzat kanpainaren baitan, baina aurten ikusi beharko da zer gertatuko den.

Urtarrilean irekitzen dituztenean, Amara Berriko instalazioek, ikasturte honetan behintzat, Ferrerias plazako barrakoietan jarraitu behar izango dute. Izan ere, Anoetako estadioan egokitu beharreko egoitzaren proiektua moldatu behar izan dute eta bertako lanak ez dituzte oraindik bukatuko.

‘Gabonak zuretzat’ kanpaina prestatzen ari da Udala eta diruz lagunduko dituzten proposamenak aurkezteko deia egin die elkarteei