- Altzako kirol-instalazio berriaren eraikuntza aurrera doa, baina inguruan egin beharrekoak mahai gainean geratu ziren martxoan, alarma egoera zela eta. Orain, urgentziazko prozedurarekin esleitu nahi ditu lan horiek Udalak, kiroldegia bera bukatzen denerako horiek ere prest egon daitezen. Printzipioz, prozesu luze baten ondoren, 2021eko iraila da horretarako aurreikusten duten data.

Zehazki, kirol instalazioaren inguruko errepideak moldatuko dituzte eta, gainera, biribilgunea ere sortuko dute, joan-etorriak errazteko. Darieta eta Berra bideak elkartzen diren lekuan egingo dute errotonda, kiroldegia eta Oleta ikastetxearen artean, hain zuzen ere. Hasierako proiektua zertxobait moldatu behar izan dute, baina kiroldegirako eta ikastetxerako sarrerak ordenatu nahi dituzte obra hauen bidez (ikastetxekoak bi fasetan burutuko dira; ibilgailuentzako sarbidea bigarren fasean burutuko dute, kiroldegira sartzeko bidearen beheko muturretik abiatuta).

Inguruko galtzadak eta espaloiak zolatu eta zerbitzu-sare batzuk ere birmoldatuko dituzte, onartutako azken proiektuaren arabera. Hala, Darieta bideko espaloietako bat, aparkalekuaren aurrealde osoan dagoena, berritu egingo dute eta biribilguneko lanek Berra bidearen zati bat eta espaloia ere hartuko dituzte.

Gobernu Batzordeak asteartean onartuko du, arazorik ez badago, lanok esleitzea, 1,2 milioi euroko aurrekontuarekin eta guztia amai-tzeko zortzi hilabeteko epearekin. Tramitazioa jada hasita zegoen eta proiektua onartuta, martxoan alarma egoera ezarri zenean. Prozesua eten egin zuten orduan eta udan, aurrekontuan aldaketak egongo zirela eta diru-sarrerak zenbatekoak izango ziren jakin arte, Udalak ez zuen esleipenik abiatu. Orain kontuak zehatzagoak dira eta aurrez uste baino diru gehiago izango du Udalak erabilgarri inbertsioetarako. Hala, proiektuari berriro heldu dio eta kiroldegiaren lanekin batera bukatzeko asmoz urgentziazko prozeduraz esleituko dute eta tramitazioa laburtuko.

Antzeko zerbait gertatu da martxoko alarma egoera zela eta mahai gainean geratu diren hainbat proiekturekin. Esaterako, Ondarretako harriak kentzeko kontratuarekin. Udaberrian lehiaketa egin zuten eta ez zen proposamenik aurkeztu. Orain, presazko prozeduraren bidez berriro esleitu nahi dute. Aurreko kontratua urrian amaitu zen eta tramitazioa laburtuz, lehenbailehen lanei jarraipena eman nahi diete, harrien inguruko datu bilketarekin ere jarraitu ahal izateko.

Udalaren asmoa da urtarrilean jada indarrean egotea eta sei hilabeteko lanak 14.400 euroko aurrekontuarekin esleituko dituzte. Luzatuko balitz, 28.800 euro izango lirateke urte osorako.