- Ostalariekin eta saltoki txikiekin "Eneko Goiak egin dituen akatsak eta gabeziak konpontzeko" neurriak proposatu zituen atzo EH Bilduk. Besteak beste, Markel Ormazabal eta Olaia Duarte zinegotziek salatu zuten alkateak esan duela terrazen eta hondakinen tasak ez dizkietela kobratuko, "baina, egun beretan, martxoa-maiatzean atzeratutako zergak kobratu dizkie".

Ekonomia Suspertzeko Planaren bigarren faseak merkataritzara eta ostalaritzara milioi bat euroko lagun-tzak bideratuko dituela ere kritikatu zuten, "lehen fasean baino %33 gutxiago", egoerak "okerrera egin duenean".

EH Bilduk egindako proposamen zehatzak bost dira: lehena, itxita dauden bitartean tasak eta zergak ez kobratzea eta edukiera murriztapenak egon direnean ere proportzionalki kobratzea. Lokalen alokairuen prezioak murriztu ahal izateko bitartekari lanak egiteko ere eskatuko dute.

Bestalde, kontziliaziorako lan-poltsa sortzea proposatu dute, hiriko etxeetan, garbiketa lanetan zein pertsonen zaintzan lan egiteko.

Kontsumorako bonoak ere proposatu dituzte, AESen bidez gestiona-tzen diren hainbat behar (etxetresna elektrikoak erostea, adibidez) hiriko merkataritza sustatzeko bonoen bidez kudeatzeko. Azkenik, tokiko kontsumoa suspertzeko martxan dagoen kudeaketa publikoko banaketa (Txiten egitasmoa) indartzea nahi dute, baita kooperatibagintza sustatzea ere, etxez etxeko zerbitzuen enpresa berriak sortzen laguntzeko.