- Datozen lau urteotan euskararen ezagutza, erabilera eta sorkuntza bultzatzeko ekin-tzek jasango dute, baita ere, pandemiak sortutako egoeraren eragina. Alde batetik, finantzazioari dagokionez. Edurne Otamendi Udaleko Euskara Zerbitzu buruak aitortu du aurten jada izan dituztela murrizketak aurrekontuan, diru-laguntzetan. Eta oraindik datorren urteko kontuen estimaziorik ez badute ere, programa eta asmo gehien-gehienak burutzeko aukera izatea espero du.

Bestalde, osasun neurriek ekintza asko moldatu beharra ere ekarri dute, baina Euskara Zerbitzuak aurten dagoeneko antolatu ditu udalekuak eta eskolaz kanpoko hainbat jarduera, hartu beharreko neurriak hartuta. “Zailtasunekin, baina ari gara”, aipatu du Otamendik.

Guztia “berrasmatu” behar dela dioten “normaltze berri” honetan, joera berriak agertu dira arlo sozioekonomikoan, giza harremanak eraldatu dira eta bizitzeko ohitura berriak izango ditugula argi dagoela dirudi, eta horietara ere egokitu beharko dute euskara sustatzeko ekintzek.

Datozen lau urteotarako proposatutako lan-ildoen artean bat nabarmendu nahi izan du Otamendik, kultur-aniztasunaren inguruan. Azken urteotan hasi dira jada etorri berriak diren nerabe eta familiekin lanean eta lan hori indartu nahi dute.