- Hirian 30 guneak zabaltzen jarraituko duela Udalak esan zuen atzo Eneko Goia alkateak. Bilbon hiri osoan 30 kilometro orduko gehienezko abiadura ezarri zuten atzo bertan eta, horren inguruan galdetuta, horrelako erabaki orokorra hartu ordez, pixkanaka horrelako guneak zabaltzearen alde egin zuen Goiak.

Hirian izaera desberdina duten bideak daudela argudiatu zuen alkateak eta, adibidez, Urumeako autobidearen zati bat hiri-errepidea dela. "Hor ez luke zentzurik 30 kilometro orduko muga jartzeak", esan zuen, eta sektore batzuei horrek kalte ere egingo liekeela gaineratu zuen.

Abiadura mugatzeko estrategia aspalditik datorrela ere esan zuen eta gaur egun hiriaren bide gehienetan 30 kilometroko muga hori jada ezarrita dagoela, auzo barruko bideetan, hain zuzen ere.

Atzo bertan eta Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen baitan, Metrominutu izenarekin bataiatutako planoa aurkeztu zuen Udalak, udaletxearen ondoan jarri dutena (birtualki ere zabalduko dute), oinezkoentzat diseinatuta eta hiriko leku batetik bestera oinez zenbat dagoen jasotzen duena.

Plano berriaren ondoan protesta egin zuen Satorralaia elkarteak, Donostia oinez: metroa, zertarako? lelopean. "Udaletxearen inkoherentzia salatu dugu, hain zuzen ere, desplazamenduak oinez edo bizikletaz eroso eta arin egin daitezkeen eta autobus zerbitzu ona daukan gure hirian Metroaren obrak inongo justifikaziorik ez duela aldarrikatzeko", azaldu zuten.