DONOSTIA. Donostiako Udaletxea birtualki bisitatu ahal izango da Hiruditek enpresa donostiarrak garatutako 3D teknologiari esker. Udalaren web orriaren bidez (www.donostia.eus), erabiltzaileak edozein unetan eta edozein gailutatik sar daitezke eraikinera, modu interaktibo eta intuitiboan, gaur goizean aurkeztu den tresna berriarekin.

Udalbatza Aretoa, Harrera Gela edo Alderdiederreko balkoia dira esperientzia errealista baten bidez bisitatu ahal izango diren gune batzuk. Honekin, Donostiako eraikin enblematikoa herritarrei teknologia berrien bidez modu guztiz irisgarrian hurbildu ahal izango zaie.

Jon Insausti Kultura zinegotziak adierazi duenez, aplikazio honek aukera ematen die “bai donostiarrei bai munduko edozein tokitako beste edonori, ahalik eta erosoen ezagutzeko gure hiriko eraikin enblematiko eta historiaz beteriko bat”.

Bisitariek, gainera, eraikinaren informazio historikoa kontsultatu ahal izango dute ibilbidean zehar, plataformak eraikinaren daturik aipagarrienak eskaintzen baititu, Kasino gisa sortu zenetik gaur egunera arte.

3Dko bisita birtual hori Hiruditek enpresak garatutako tresnaren bidez egin daiteke. Horren arduradun teknikoak, Borja Iriartek, nabarmendu duenez, “teknologia horri esker, erabiltzaileak ikusmen guztiz naturalarekin hauteman dezake espazioa, berez den bezala, eta bere espazioak, erosotasunak eta ezaugarriak erabat esperimentatu ditzake, tokian benetako presentzia sentituz”.