Donostian kultur eta kirol ekitaldiak egongo dira datozen hiru asteotan nahiz eta Aste Nagusirik eta jende pilaketarik ez izan. Udalak Abuztua Donostian programazioa prestatu du egungo egoerari egokitutako jarduerak antolatuz: edukierak mugatu ditu, kalean izango dira eta bestelako neurriak ere hartuko dituzte.

Programazioa atzo abiatu zuten Hastera goaz! deitutako ekitaldiarekin, Miramar jauregian. Ehun gonbidatu inguru bildu zituen eta hainbat emanaldi izan ziren. Baina lehen kontzertua ere izan zen atzo, Olatz Salvadorren eskutik Kursaaleko terrazetan. Herri Kirolek ere izan zuten tartea Trinitate plazan, Igeldoko Harriarekin.

Aste Nagusirik ez bada ere, festei hasiera ematen ohi dien Txistularien Alardea bai izango dela gaur iluntzean. Dena den, Konstituzio plaza utzi eta Trinitate plazan izango da kontzertua eta bertaratzeko gonbidapenak berehala agortu ziren.

Izan ere, Trinitate plaza bera eta Kursaaleko terrazak izango dira datozen asteotako eszenatoki nagusiak. Auzoetan ere antolatu dituzte hainbat ekitaldi eta, hala, gaur bertan Antiguara egingo dute bisita Itzurungo erraldoiek. Lehen gastronomia lehiaketa ere egingo dute Ondarretan, eta gaurtik aurrera buruhandiak topatzen saia daitezke gaztetxoak, abuztuadonostian.eus webguneko pistak jarraituta. Kalean Escape Room delakoak ere egiteko aukera izango da eta eskulangintza azoka aste osoan zehar egongo da Alderdi Ederren, baita Food Truck delakoak ere Kursaaleko terrazan.

Udal arduradunek behin eta berriro errepikatu dute ekitaldi guztietan segurtasun neurriak hartuko direla eta berme guztiak dauzkatela. Festarik ez badago ere, sektoreari eta bertako eragileei bultzada emateko asmoz ere antolatu dute egitaraua. Gonbidapenak eta informazioa jasotzeko abuztuadonostian.eus webgunera jo daiteke.

Donostiako Piratek eta hainbat jai batzordek deituta, manifestazioa egin zuten atzo eguerdian Cristina Enea parkean. Jai herrikoiak aldarrikatu zituzten, maskarak jarrita eta egungo egoerara egokituta. Piratek aste honetan salatu egin zuten Udalak "oztopoak" jarri dizkiela eta "prestutasunik" ez duela azaldu auzoetan jaiak antolatzeko. Teknikariok sindikatuak ere bat egin zuen atzoko deialdiarekin. Aste Nagusirik gabe, hala ere, egun bateko egitarau berezia prestatu dute Piratek biharko Trinitate plazan. Haurrentzako ikuskizuna, kontzertua, bertso musikatuak eta bideo emanaldia izango dira eta bertaratzeko gonbidapenak eskuratu beharko dira, publikoa mugatua izango baita osasun egoera dela eta.