Kaian bainurako guneak egokitzearen alde agertu da Parte Zaharrean Bizi

2013ko eskaera ekarri du gogora auzo elkarteak, Jaurlaritzak arrapalaren erabilera mugatu ondoren

01.08.2020 | 00:10

donostia – Donostiako kaian bainurako eta ur-jolasetarako guneak egokitzearen alde egin du, berriro ere, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. 2013an egindako eskaera zabaldu dute berriro, azken egunotan Eusko Jaurlari-tzak portuan bainatzea debekatuta dagoela gogoratu ondoren eta arrapalan jendea ez pilatzeko hartutako erabakiaren ondoren.

Kaian bainatzearen ohitura aspaldikoa dela aipatu du auzo elkarteak eta, besteak beste, Ignacio Ugarteren Una perra al agua margolanak ohitura hori islatzen duela (1888koa da). Donostiako udaletxeko alkatetzako sarreran dago koadroa, eta bisitariei txanponak uretara botatzeko eskatu eta haien bila salto egiten zuten gazteak dira protagonistak. Aurretik ere gazte donostiarrek tradizio hori bazutela kontatzen dute hainbat olerkik.

2013an aurkeztu zuten idatzian azaltzen zutenez, arrantza ontzi handiak joan zirenetik "kaian tokia badago" eta neurri txiki ba-tzuk hartuta, "bainu-gune seguru eta atsegina izan daiteke". Hala, zenbait esparru zehaztearen eta mugatzearen aldekoak dira Parte Zaharreko bizilagunak. Gainera, horrela, hondartzetako eta Nautikoko eskaileretako saturazioa arinduko litzateke, auzo elkartearen arabera.

Pasa den astean Eusko Jaurlaritzak arrapalan jende pilaketak egon zirela eta segurtasun neurriak eta distantziak ez zirela betetzen salatu zuen. Hala, arrapala bakarrik larrialdietan eta uretara sartzera doazen ontziek erabili dezaketela agindu zuen, segurtasuna bermatzeko.