- Atzo Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak adierazi zuenez, "badakigu kaltetutako pertsonak daudela eta barkamena eskatzen diegu", baina bidaiariak %10era ere jaitsi zirela gogoratu zuen eta, ondorioz, Dbusek aurten izango duen defizita asko handituko dela. Zerbitzuak berreskuratzen ari direla esan zuen, eta "eskaintza eskariaren aurretik" doala. Hala, gaur egun zerbitzuen %85 eskaintzen direla esan zuen (eta gaur bertan gaueko zerbitzuak berrabiatuko dituztela) eta bidaiariak %60 ingurura heltzen direla bakarrik oraindik. Adibideak ere jarri zituen: aste honetan egunero 55.000 erabiltzaile inguru izan ditu Dbusek (ekaineko ohiko kopuruen %55-%60). Oraindik autobusen %10 hutsik doazela ere esan zuen, 285 autobus inguru.

"%100 berreskuratu behar da, kalitatezko zerbitzu publikoa arriskuan jartzen da bestela, ezin da hor murrizketarik egin", esan zuen Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak.

Mugikortasunarekin lotuta eta koronabirusaren ondorengo ohitura aldaketen ondorioz, bizikleten egoerari buruz ere eztabaidatu zuten atzo eta EH Bilduk eta PPk aparkaleku gehiago jartzeko eskatu zuten, "nahikoak ez direlako", eta Donostian atzean geratzen ari dela ere esan zuten. Aranak pandemiak guztia zaildu duela esan zuen, baina lanean "oso modu serioan" ari direla ere bai, eta horrelako mozioak "soberan" daudela iritzi zion. Ondarretako eta Euskal Herria kaleko egokitzapenak "serioak" diren galdetu zion Alkizak. PPko bozeramaile Borja Corominasek oposizioko hiru alderdiak entzuteko eskatu zien: "Honetan hirurok bat gatoz, erabil gaitzazue".

Elkarrekin taldearen mozio bat ere onartu zuen Udalbatzak, autoen espazioak murriztu eta oinezkoen eta bizikleten alde egiteko.