- Auzoetako jaiak ere bertan behera geratu dira, gutxienez, irailera arte. Hala jakinarazi zuen atzo Donostiako Festak sailak. “Gure jaien idiosinkrasia dela eta, egun horietan harremanak izateko dugun modua eta jaiak ospatzen ditugun espazioak ezagututa, ez dugu aukerarik ikusten gure auzoetan urtero ospatzen diren jaiak aurtengo udan egiteko”, adierazi zuten atzo, eta gogoratu zuten Udalak Aste Nagusia ez antolatzea ere erabaki zuela pasa den astean (Bilbo eta Gasteizekin adostuta).

“Itxarotea eta irailetik aurrera kaleko jardueretarako helarazten diguten erabakia zein den ikustea baino ez zaigu geratzen”, gaineratu zuten Festak sailako arduradunek.

Aste Nagusia eta hiriburuetako beste udako jaiak ez antolatzeko erabakia nola hartu zuten kritikatu egin zuten atzo Donostiako Piratek, Iruñea, Gasteiz eta Bilboko jai batzorde eta elkarteekin batera argitaratutako oharrean. Erabakia “aldebakarrekoa” izan dela esan zuten eta udalek “baztertu” eta “bigarren plano batean” utzi dituztela, “herritarron parte hartzea alde batera utziz”. Erabakia bera ez dute zalantzan jarri, baina bai erabaki hori hartzeko “formak”.

Testuinguru horretan, jai herrikoien alde antolatzera deitu dute, osasun neurriak bete eta “modu berritzailean” eskaintza egiteko. Iruñeko Peñen federazioa, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkarteak, Bilboko Konpartsek, Herri San Ferminak eta Gasteizko Txosnak elkarteek ere sinatu dute oharra.