- Hildakoen senideak Polloeko ehorzketetara joateko aukera izango dute astelehenetik aurrera. Eneko Goia Donostiako alkateak atzo azaldu zuenez, hilaren 11n hasiko den fase horretan baimenduko dute ehorzketetara joatea, Espainiako Gobernuak ezarritako neurriak beteta (kopuruari dagokionez, distantziak eta babes neurriak).

Goiak Polloeko langileei bereziki eskerrak eman zizkien, haientzat ere azken asteotako lana erraza ez delako izan. Bestalde, eta udal langileei dagokienez, astelehenean Hirigin-tzako lau langile ere lan presentzialera itzuliko direla esan zuen, pilatutako espedienteak aztertzen joateko. Gainerako udal langileak pixkanaka lanera bueltatzen hasiko direla ere esan zuen alkateak, baina bereziki bigarren fasean nabarituko dela hori (printzipioz, maiatzaren 25etik aurrera). Herritarrei aurrez aurreko arreta zerbitzuari berrekingo zaio pixkanaka, segurtasun neurriak ezarrita.

Udaletxeko langile guztien artean une honetan koronabirus kasu aktiborik ez dagoela ere azaldu zuen, eta gaixo egondako guztiak errekuperatu direla. Tartean, Udaltzaingoko langileak eta bi zinegotzi ere izan dira kutsatutakoen artean (PSE-EEko Miguel Ángel Díez eta Cristina Lagé).

Azkenik, herritarrei arduraz jokatzeko ere eskatu zien Goiak eta ezarritako neurriak betetzeko. "Nik ez ditut epaituko arau horiek, baina guri betearaztea dagokigu", esan zuen, Gehienak hala egiten ari direla esan zuen baina gogoratu zuen hondartzan ezin dela eguzkirik hartu edo bainatu eta lagun taldeak ezin direla kalean elkartu.